Lau kontzertu eta hiru antzezlan izango dira azaroko Arkupeko programazioan

2020/10/29

. Egitaraua datorren igandean hasiko da 'Skratx' ikuskizunarekin

Hamar proposamen baino gehiago izango dira Arkupeko azaroko egitarauaren protagonistak, musika eta antzerkia ardatz hartuta. Ameztu Produkzioak konpainiak irekiko du programa datorren igandean umeei zein helduei zuzendutako Skratx ikuskizunarekin (17:00etan). Trebetasunak galtzen dituen superheroi baten istorioa kontatzen du, bere bizitza betiko aldatuko duen misio batekin.

 

Azaroaren 6an Tessa Andonegi eta Ainhoa Aierbe aktore donostiarrek Me Too euskarazko lana aurkeztuko dute (20:30). 15ean, berriz, Aitziber Garmendiak idatzitako 35 huts bakarrizketaren txanda izango da, Miren Gojenolak zuzenduta eta Esti Curielek antzeztuta (19:00etan). Hiru emakume hauek bat egin dute proiektu honetan, familien oinordetza emozionalak, amatasuna eta heriotza bezalako gai sakonetan humoretik murgiltzeko.

Musikari dagokionez eta Euskaldiaren programazioaren baitan, Bizarro talde oñatiarrak kontzertua eskainiko du azaroaren 7an (19:00), eta 20an, Azkoitia eta Azpeitiko bost musikarik osatzen duten Ro taldeak hartuko du lekukoa (19:00).

 

Gainera, azaroaren 8an Iban Urizar musikaria Amorante proiektuarekin helduko da Arkupera (19:00etan). 14an, Loyola Garmendia, Golden Apple Quartet taldeko abeslaria, eta Iñaki Salvador piano-jotzailea izango dira Zaraia aretoaren taula gainean (19:00).

 

 ‘Miñan’ liburuaren aurkezpena Amets Arzallus eta Ibrahima Balderekin
Bestalde, Amets Arzallus bertsolari eta idazleak Miñan liburua aurkeztuko du azaroaren 10ean (19:00) bere lagun Ibrahima Balderekin batera. Lan honek Ibrahimaren historia jasotzen du, 2018an Irunera iritsi zen migratzailea. Bere patua ez zen Europara iristea, baizik eta bere anaia aurkitzea.

Horrez gain, Gurutze Mujika margolari atxabaltarraren erakusketaz gozatzeko aukera izango da azaroaren 9tik 30era arte.

Ikuskizunetarako sarrerak aldez aurretik eros daitezke Arkupen. Pandemiaren neurri berriek 50 ikuslera murriztu dute Zaraia aretoan eskainiko den saio bakoitzeko edukiera.

 

Azarorako beste hitzordu batzuk:

  1. Azaroaren 6an: Placeres y deseos desde una mirada feminista y de la Economía Social y Solidaria tailerra. Udal Berdintasun sailak antolatuta. Arkupen. 17:00etatik 20:00etara (gazteleraz).
  2. Arazoaren 18an: No hay matriarcado ni en el supermercado bakarrizketa Irantzu Varelarekin. Udal Berdintasun sailaren eskutik. Zaraia aretoan, 18:00etatik 19:30era (gazteleraz). 
  3. Azaroaren 14an: Karmele Igartua sorkuntza bekaren sari banaketa. 16 lan aurkeztu dira. 12:00etan, Zaraia aretoan.

IKUSI EGITARAU GUZTIA HEMEN