Kurtzebarri Eskolako obrak, abian
Kurtzebarri Eskolako Haur Hezkuntzako guneetan eraberritzeko lanak astelehenean hasi ziren. Goitu Eraikuntzak enpresa bergararra lanak egiteaz arduratzen ari da, 232.397 euroan. Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza jasoko du Udalaguntza programaren bidez.
Lanak egiteko epea hiru hilabetekoa da. Jarduera gehiena oporraldian egitea espero bada ere, ikasturte berriko lehen hilabeteetan obrekin jarraituko dute. Denbora horretan, ikasleek Arkupen jasoko dituzte eskolak.
Birmoldaketa Haur Hezkuntzako instalazioetan egingo da, zehazki eraikinaren iparraldeko muturrean, beheko solairuan. Ipark Arkitektura enpresak idatzitako proiektuaren arabera, urte bateko eta bi urteko ikasleen lau geletako irisgarritasuna hobetzeko egungo eskailerak eraitsiko dira, eta horien ordez arrapala bat jarriko da. Horretarako, lurzorua 15 zentimetro altxatuko da araudiak eskatzen duen %8ko gehieneko malda egokitzeko. Gela horiek zoru erradiatzaileko berokuntza sistema batez hornituko dira. Bestalde, hiru eta lau urte bitarteko ikasleen hiru gelak eta psikomotrizitate gela ere eraberrituko dira.
Horrez gain, bi komun berri egokituko dituzte. Leiho guztiak berrituko dira isolamendu termikoa hobetzeko (motordunak izango dira), baita ateak, instalazio elektrikoak eta berokuntza sistema ere.