Kurtzebarri Eskolako Haur Hezkuntzako gunea eraberritzeko obrak lizitaziora atera dira

2021/05/27
Lanek 307.500 euroko inbertsioa ekarriko dute. Horietatik, 123.000 euro Udalak jarriko ditu, eta gainerakoa Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntzarekin finantzatuko da. Obrak uztailean hasiko dira, udako oporrak aprobetxatuz.

Aretxabaletako Udalak Kurtzebarri Eskolako Haur Hezkuntzako gunea eraberritzeko obrak lizitaziora atera ditu, 307.500 eurotan eta hiru hilabeteko gauzatze epearekin. Zenbateko horretatik, Udalak 123.000 euro ordainduko ditu, eta gainerakoa Eusko Jaurlaritzak Udalaguntza programaren bidez emandako diru-laguntzarekin finantzatuko da.

Unai Elkoro alkateak eta Mikel Uribarren Kurtzebarri Eskolako zuzendariak uztailean hasiko diren lanen xehetasunak eman dituzte. "Ikasturtea amaitu ondoren obrak martxan jartzea da helburua, oporrak aprobetxatuz udan lanen zatirik handiena egiteko", azaldu du alkateak. Ikasturte berria hastearekin batera, eta obrak egiten diren bitartean, behin-behineko gelak Arkupen egongo dira kokatuta.

Birmoldaketa Haur Hezkuntzako instalazioetan egingo da, zehazki eraikinaren iparraldeko muturrean. Ipark Arkitektura enpresak idatzitako proiektuaren arabera, urte bateko eta bi urteko ikasleen lau geletako irisgarritasuna hobetzeko egungo eskailerak eraitsiko dira, eta horien ordez arrapala bat jarriko da. Horretarako, lurzorua 15 zentimetro altxatuko da araudiak eskatzen duen %8ko gehieneko malda egokitzeko. Gela horiek zoru erradiatzaileko berokuntza sistema batez hornituko dira. Bestalde, hiru eta lau urte bitarteko ikasleen hiru gelak eta psikomotrizitate gela ere eraberrituko dira. Gela batzuetan, gainera, ate lerragarriak jarriko dira funtzio anitzeko espazioak sortzeko.

Komunak, leihoak eta berokuntza sistema berriak

Horrez gain, bi komun berri ere egokituko dituzte: lehena, urte bat eta bi urteko ikasleen geletatik zuzeneko sarbidea izango duena, eta bigarrena, nagusienen eremuan. Halaber, leiho guztiak berrituko dira isolamendu termikoa hobetzeko (motordunak izango dira), baita ateak, instalazio elektrikoak eta berokuntza sistema ere. Gainera, pasilloari etekin handiagoa aterako zaio eta argitasuna irabaziko da. Horretarako, Santakurtz kalera ematen duten ikasgelen barruko hormak beiraz estaliko dira zurezko apalak erabiliz, ikasleek egindako lanak erakusteko.

Kanpoaldean, aldiz, jolastokira irteteko arrapala irisgarritasun-araudira egokituko da. %8ko malda eta 1,80 metroko zabalera lortzeko arrapala luzatuko da.

Egingo den esku-hartzea Kurtzebarri Eskolako eraberritzearen lehen faseari dagokio. Fase hori, oro har, eraikinaren beheko solairuan burutuko da. Proiektua azken urteetan landu da ikastetxearekin batera, eta guztira 929.800 euroko aurrekontua du. Aurten, Haur Hezkuntzako gunea birmoldatuko da, eta ondorengo faseetarako sukaldean, jangelan eta aldageletan jardutea eta patioan aterpe bat eraikitzea aurreikusten da.