Kulturak kalea girotuko du ekaineko arratsaldeetan

2021/06/02
‘7x7 Kultura kalean’ programak zazpi ikuskizun eskainiko ditu ekainaren 9tik aurrera. Magia, antzerkia, pailazoak, musika eta jota nafarrak izango dira ikusleen gozamenerako. Ikuskizunek hartuko dituzten espazioak mugatuko dira eta edukiera kontrolatuko da.

Arkupeko denboraldia amaituta, 7x7 Kultura kalean programaren eskutik kultura kalera aterako da. Musika, antzerkia eta magia izango dira ekaineko arratsaldeak girotuko dituzten ikuskizunen ardatza. Publiko orori zuzendutako proposamenak dira, eta Herriko plaza, komentuko lorategia, Iralabarri plaza, Kurtzebarri Eskolako kantxa eta Santakurtz plazatxoa izango dituzte eszenatoki.

Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak eta Inma Miguel teknikariak aurkeztu dute ekainaren 9an abiatuko den programaren edukia. 7x7 Kultura kalean egitarauak pandemiaren egoerari egokitutako bigarren urteari ekingo dio. Caberok azpimarratu duenez, kultura "ez da gelditu" koronabirusak markatutako hilabete hauetan. "Segurtasun neurri guztiekin publiko guztientzako kultur proposamenak eskaintzen jarraitzearen aldeko apustua egin dugu, eta harrera ona izan dute", azaldu du Kultura zinegotziak.

Ekaina iristearekin batera kultur ekitaldiak kalera eramaten dira. "Ikuskizunek hartuko dituzten espazioak mugatu egingo dira eta edukiera kontrolatuta egongo da. Publikoa eserita egongo da, distantziak gordeta", zehaztu du Caberok. Kultura "segurua" dela nabarmendu ostean, Udalak "herritarren gozamenerako programa berriak bultzatzen" jarraituko duela adierazi du Kultura zinegotziak. "7x7 Kultura kalean ekimenaren edizio berri batekin hasiko gara eta uztailean ikuskizun gehiagorekin jarraituko dugu, udako sasoia aprobetxatuz", aurreratu du Caberok.

Bestalde, Inma Miguel Kultura teknikariak ekainaren 9an hasiko den programaren xehetasunak azaldu ditu. Hitzordu guztiak 19:00etatik aurrera izango dira:

Ekainaren 9an. Ituiño magoaren Magia parrastan ikuskizuna Iralabarri plazan. Kartek, bolatxoek, sokek, agerpenek eta desagerpenek hartuko dute protagonismoa. Ikuskizun partehartzaile , dinamiko eta magikoa. Guraso eta seme-alabentzako aproposa.

Ekainaren 11n. Leizarra Musika Eskolako bandaren kontzertua Santa Rita lorategian. Leizarra Musika Eskolako banda 2009an sortu zen. Taldearen lehen kontzertua 7x7 Kultura kalean ekimenean izan zen, 2012an. Hortik aurrera urtero parte hartu du programa honetan. Aretxabaletan beste kontzertu batzuk ere eman ditu, eta Bilkoboko, Errenteriako eta Dulantziko jaialdietan jo du. Bandak 25 kide ditu une honetan, Jon Lopezen zuzendaritzapean. Ekainaren 11an eskainiko duten kontzertua filmen soinu-bandetan oinarrituta dago. Azkenean sorpresa bat egongo da.

Ekainaren 13an. Neomak taldearen kontzertua Herriko plazan. Gaztetxotan hasita, trikitixa txapelketetan aurkari nahiz bikote gisan plazara salto egin eta gerora, Kepa Junkerarekin sei bat urtez Sorginak taldean hara-hona ibiliak. Arrasateko, Debako, Zarauzko, Zizurkilgo eta Asteasuko zazpi emakume dira, eta ahotsen presentzia nabarmenaz eta beti aldean izan dituzten trikitixa eta pandero ezberdinak uztartuz, “Ilargi berriak” eskaintzera datoz, Neoma hitzak berak dioen bezala. Hauek dira taldekideak: Irati Gutierrez Artetxe (Arrasate), Leire Etxezarreta Learreta (Arrasate), Maria Lasa Hilario (Zizurkil), Amets Ormaetxea Ezpeleta (Arrasate), Garazi Otaegi Lasarte (Asteasu), Alaitz Eskudero Unanue (Deba) eta Eneritz Aulestia Mutiozabal (Zarautz).

Ekainaren 16an. Bihar Txontongilo taldearen Karolino printzesa eta dragoiaren burua antzezlana, Santakurtz plazan. Karolino txotxongiloen antzerki tradizionaleko heroiaren prototipoa da, eta dragoiari aurre egingo dio printzesa salbatzeko. Zaldunen istorio baten aurrean gaude, gaztelu eder bat, errege kezkati bat, printzesa eder bat, bufoi arazotsu bat, eta nola ez, Karolinoren ahaleginaz baliatu nahi duen heroi faltsu baten aurrean. Bufoiaren, hesolaren eta publikoaren laguntzarekin, Karolinok zailtasun guztiak gaindituko ditu eta azkenik printzesarekin ezkonduko da.

Ekainaren 20an. De Estella a la Ribera lana aurkeztuko du Acordes Navarros taldeak Herriko plazan. Taldea Oscar Hita Chasco eta Luis Miguel Claveria Ciordia lizartarrek osatzen dute, erriberako lau emakumeen ahotsekin batera: Mari Carmen Hernandez, Maria Herrera, Natalia Martinez eta Sara Marin. De Estella a la Ribera da bere lehen diskoa, hamazazpi abesti biltzen dituena eta taldearen sorreratik gaur egunera arteko ibilbidearen oroitzapena irudikatzen duena. Lanak, jota bakarlariak, bikoteak, mistoak eta taldekoak ez ezik, Nafarroako estanpak, rantxerak eta Turillas maisuarekin egindako aurkezpen estanpa eta letra propioa ere baditu.

Ekainaren 22an. Kalean otso etxean uso ikuskizuna taularatuko du Patata Tropikala konpainiak Santa Rita lorategian. Patata Tropikala Antzerki Laborategiak ipuin desberdinak nahastu ditu, bizikidetzaz eta ‘ez da ez’ mezuaz hitz egiteko. Bi urtetik 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dagoen antzezlana da, eta oso modu didaktiko eta erraz batez aipatutako gaiak lantzen ditu. Txontxongiloak, antzerkia, ilusioa eta irudimena nahasten ditu taldeak antzezlan dinamiko eta dibertigarria sortzeko.

Ekainaren 30ean. Kiki eta Koko pailazoek Bizi-bizi zirkua ikuskizuna aurkeztuko dute Kurtzebarri Eskolako kantxan. Zirkuaren gaia jorratzen duen ikuskizuna da, eta pandemiaren denboraldiari moldatuta dago. Abesti, dantza eta joku parte-hartzaile asko ditu, guzti-guztiak Kiki, Koko eta Moko pailazoek sortu eta konposatuak. Diabolo, pilota, kariokak, moniziklo, mazak, eskailera, uztai eta txapelekin sketch-ak ere baditu ikuskizunak.

*Bestalde, ekainaren 18an Jaiki Elkarteak eta Sara Alonsok (pianoa eta ahotsa) Kaioak ez du hotzik ikuskizuna eskainiko dute Ilargi plazan (19:00etan).