Kultur programazioa Arkupera itzuliko da urteko azken hiruhilekoa girotzeko

2020/09/23

. Kepa Errasti atxabaltarrak 'Fadoak entzuten zuen gizona' bere azken antzezlana aurkeztuko du urriaren 16 eta 17an

. Urriaren 4an herriko artisauen topaketa egingo da Durana kalean

. Koronabirusa dela eta, Zaraia aretoko edukiera 60 eserlekutara mugatu da. Gainera, ikuskizun guztietan nahitaezkoa da maskara erabiltzea, pertsonen arteko distantzia mantendu behar da eta higiene neurri guztiak bete behar dira

 

2020ko irailaren 23a. Kultur jarduera Arkupeko Zaraia aretora itzuliko da, koronabirusaren pandemiak martxoan programazioa etetera behartu ostean. Publiko guztiei zuzendutako hainbat proposamenen bidez, musika eta antzerkia izango dira nagusi urteko azken hiruhilekoko kultur agendan. Gainera, ekainean eta uztailean bezala, ekitaldi batzuk kalean izango dira.

Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak eta Inma Miguel teknikariak segurtasun neurri guztiak beteko dituen egitaraua aurkeztu dute gaur. Beraz, maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da ikuskizun bakoitzean; ikusleen arteko distantzia ere mantenduko da eta eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu beharko dira. Protokoloaren arabera, Zaraia aretoko edukiera 60 ikusleetara murriztu da.

Programa urriaren 4an hasiko da Trotamundos konpainiaren Historias de un baul haurrentzako antzezlanarekin. Malabare pilotak, uztaiak, akrobazia ugari dituen kutxa bat eta eszenaratze parte-hartzaile bat dira ikuskizun honen oinarria.

Datorren hileko egitarauan Kepa Errasti atxabaltarraren eta bere Xake Produkzioak konpainiaren Fadoak entzutzen zuen gizona antzezlana nabarmendu behar da. Errastik berak idatzi eta antzezten du lan hau, Ane Gabarain eta Iñigo Aranbarri aktoreekin batera, eta Getari Etxegarai da zuzendaria. Saio bikoitza eskainiko da urriaren 16an eta 17an.

Berritasunen artean, Unai Hernandez Unda, Xatiro ezizenez ezaguna, protagonista izango duen rap kontzertua izango da. Euskaraz rapean aritzen den abeslaria Arkupeko taula gainera igoko da urriaren 23an. Kultura teknikariak azaldu duenez, proposamen hau, batez ere, "gazteak erakartzeko" pentsatuta dago.

Musika atalean, gainera, Estitxu Pinatxo abeslari beratarrak, Mikel Santxezen piano eta gitarraren laguntzaz, urriaren 21ean eskainiko duen Dama Beltzak kontzertuaz gozatzeko aukera izango da. Musika bikaina egiteaz gain, musikaren bitartez iraultza eta borroka egin zuten dama beltz batzuei - Ella Fitzgerald, Nina Simone, Roberta Flack, Etta James eta Aretha Franklin- merezi duten errekonozimendu xume bat da emanaldi hau. 

Bestalde, urriko egitarauaren beste berrikuntzetako bat urriaren 4an Durana kalea girotuko duen artisau atxabaltarren topaketaren eskutik iritsiko da. Hamaika artisauk parte hartuko dute. "Tokiko sormena erakutsi nahi da eta asmoa ekimenak jarraipena izatea da", adierazi du Kultura teknikariak. Postuek segurtasun neurriak mantenduko dituzte eta 11:00etatik 15:00etara bisitatu ahal izango dira.

Azaroko eta abenduko egitaraua ekitaldi gehiagorekin osatuko da.

ORAINGOZ, ZINEMARIK GABE

Urrian zehar ez da zinemarik izango. "Zerbitzua eskaintzeko kontratua amaitu egin da, eta proiektorea alokatzeko aukerak aztertzen ari gara Arkupen zinema eskaintzen jarraitzeko", esan du Ainhoa Caberok.

Ikuskizunetarako sarrerei dagokienez, ohi bezala, hil bakoitzaren hasieran jarriko dituzte salgai Arkupen. Hala ere, osasun neurriak mantentzeko eta edukiera antolatzeko helburuarekin, ikusleak familia-unitateka eta lagun-taldeka bilduko dira. Horretarako, sarrera erosterakoan izen-abizenak eskatuko dira.

EGITARAUA:

Urria:

  • Urriaren 4an: Trotamundos taldearen Historias de un baul. 17:00etan Zaraia aretoan. 6 urtetik gorakoei zuzenduta. Testurik gabe.
  • Urriaren 7an. Traka Matraka kontzertu didaktikoa. Herriko plazan, 18:00etan. 6 urtetik gorakoei zuzenduta.
  • Urriaren 9an. Tdiferencia konpainiaren Con fajas y a lo loco antzezlana. Zaraia aretoan, 22:00etan.
  • Urriaren 12an. Zurrunka teatro taldeak haurrentzako Aioko ikuskizuna aurkeztuko du. 16:30 eta 18:00etan. Zaraia aretoan.
  • Urriaren 16an eta 17an. Xake Pordukzioak konpainiaren Fadoak entzuten zituen gizona. Zaraia aretoan. 16an (22:00etan) eta 17an (19:00etan).
  • Urriaren 21ean. Dama Beltzak kontzertua. Herriko plazan. 19:00etan.
  • Urriaren 23an. Rap kontzertua. Xatiro. Zaraia aretoan, 22:00etan. Euskaraz.
  • Urriaren 25ean. Escupido amor antzezlana. Zaraia aretoan. 19:00etan.
  • Matilde Sainz Osinagaren erakusketa. Akuarelak. Urriaren 5etik 30era arte.

Azaroa (Arkupen):

  • Azaroaren 1ean: Skratx antzezlana. Familiarra.
  • Azaroaren 6an: Me too ikuskizuna Ainhoa Ayerbe eta Tessa Andonegirekin.
  • Azaroaren 8an: Amorante (kontzertua).
  • Azaroaren 14an. Real book Vol.1. Loyola Garmendia (Golden Apple Quartet taldearen abeslaria) eta Iñaki Salvador (pianista).
  • Azaroaren 15ean. 35 Huts monologoa Esti Curiel zumaiarrarekin.
  • Azaroaren 18an. Hitzaldia Irantzu Varelarekin.

Abendua (Arkupen):

  • Abenduaren 8an: Potx eta Lotx pailazoek Lehiatzera ikuskizuna taularatuko dute. 
  • Abenduaren 26an. Txalo konpainiak Losers ikuskizuna eskainiko du. 
  • Abenduaren 29an. Gospel kontzertua.