Kontsumo bonoek 139.000 euroko inpaktu ekonomikoa eragin dute tokiko merkataritzan

2020/10/08
. Bonoen erosketak behera egin du eta irailetik ez da txartel berririk atera : Dagoeneko erositako txartelak urrian zehar gasta daitezke . Udala tokiko ekonomia suspertzeko partidatik gastatu ez diren 43.000 euroak bideratzeko hainbat aukera aztertzen ari da

 Tokiko kontsumoa sustatzeko bonoen kanpainak 139.000 euroko inpaktu ekonomikoa eragin du orain arte merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan. Udalak joan den maiatzean jarri zuen martxan ekimen hau, Covid-19aren osasun krisiak sektorean eragiten ari diren ondorio sozioekonomikoak arintzeko asmoz.

Hasieran asmoa zen hilean bonu sorta bat ateratzea urte amaierara arte, abuztuan izan ezik. Eta horrela egin da maiatzetik uztailera: guztira, 3.400 jarri dira salgai 50 eta 5 euroko taloitegietan, eta ehun bat negozioetara iritsi dira. Lehen hilabeteko onarpen handia, ordea, desegiten joan da, eta irailean, salmenta jaitsi egin zela ikusita, ez zen bono gehiago atera. Hala ere, dagoeneko zirkulazioan zeuden txartelak erosteko aukera egon da, eta urrian zehar gastatu ahal izango dira.

Atera diren bonoetatik 2.300 saldu dira, kanpainaren balantzearen arabera. Udalak 27.000 euro inguru gastatu ditu tokiko ekonomia suspertzeko bideratu ziren 70.000 euroetatik. Gainerako 43.000 euroetarako hainbat aukera aztertzen ari dira herriko merkataritzari, ostalaritzari eta negozio txikiei laguntzen jarraitzeko.

Gabonei begira, aurreko urteetan bezala, bonoak ipiniko dira salgai. Gabonetako kanpaina ere indartuko da.