Komentuko obrak amaitzea eta hartuko dituen zerbitzuak martxan jartzea

2024/05/21

Komentu eraikina birgaitzeko lanak 2022ko azaroan hasi ziren, eraikinaren beheko solairua eta sotoaren zati bat birgaitzeko. Obrak 2.097.097 euroan lizitatu ziren eta urtebeteko epea zuten gauzatzeko.

Zerbitzuak

Konbentuko eraikinak, bere baitan hartuko dituen zerbitzuen artean egongo dira taberna-jatetxea, Autonomia Sustatzeko Espazioa (ASE), erabilera anitzeko aretoa eta Basotxo elkartearen egoitza.

Udalera iritsi bezain laster, ongizateko arloan burubelarri jarri ginen honekin, esan bezala, lehentasuna baita. Aretxabaletako zaintza ekosistema eraikitzeko proiektu guztia idazteko aukera izan genuen, eta ondorioz, baita Foru Aldundiko diru laguntzetara aurkezteko aukera ere. Ildo horretan, 32.000€-ko diru laguntza lortu dugu guztia martxan jartzeko.

Etorkizuneko zaintza ekosistemaren parteetako bat konbenturen baitan kokatuko den autonomia sustatzeko espazioa izango da.

Autonomia Sustatzeko Espazioa egungo memoria tailerrak zerbitzuaren ordez martxan jarriko dena izango da, baina ez da bere horretan zerbitzu bera izango. Zerbitzuak, hainbat gune izango ditu, ariketa eta ekintzak egin ahal izateko, eta beraz, pertsonen autonomia sustatu eta mendekotasuna atzeratzeko baliabide garrantzitsua izango da. Horretaz gain, elkarrekintzarako gunea izango da eta beste pertsona batzuekin harremanak eraikitzekoa.

Aipatutako guzti honetara bideratuta dago udal gizarte zerbitzuetara inkorporatu dugun gizarte langilea eta zaintza ekosistemaren beste ildoen diseinu eta koordinazioaz gain, egoera autonomoetatik dependentziakoetara jarraipen pertsonalizatuagoak egingo ditu, oinarrizko gizarte zerbitzuetako gizarte langileekin elkarlanean.

Zerbitzu honen inguruko espezifikotasun gehiago eskainiko ditugu ekainean, baina aipatzekoa da, Aretxabalatako hainbat herritar izan direla elkarrizketatuak zerbitzu hau diseinatzerako orduan, bai egungo erabiltzaile eta profesionalak, baita erabiltzaile potentzialak izan daitezkeen hainbat pertsona ere.

Orain gune guzti hauek lizitatzeko lan teknikoa egiten ari gara.. Hauek dira puntuan irtengo diren lizitazioak: eraikinaren altzari guztiak, tabernaren kudeaketa eta ASE gunearen lizitazioa bera.

Obrak

Obrek atzerapena izan dute. Alde batetik proiektuak izan dituen gabezia batzuengatik eta hasieran izan zituen aldaketa batzuengatik. Horrela, aldaketa eta gabezia horiek aurreikusitakoaren aldean, desbideratze bat ekarri dute, aurrekontuaren totalaren %10 ingurukoa, hau da, 200.000€ ingurukoa. Obraren hasierako desbideratze esanguratsuenen artean, honako hauek ditugu:

  • Kanpoko saneamendua konpontzea, ez zegoen kontuan hartuta: 21.226 €
  • Terrazako harmailetan aldaketak egitea 11.291 €
  • Egiturazko errefortzuak: 19.505 €
  • Isolamendu akustikoa: 19.116 €
  • Instalazioetarako egitura-aldaketak: 16.016 €
  • Fatxadako aldaketak: 38.406 €
  • Kanpoko jarri den granitoan desbideraketa: 9.368 €
  • Elektrizitate-aldaketak: 12.062 €
  • Sukaldearen aldaketak: 10.204 €

Horretaz guztiaz gain, lizitazioaren ondorengo legionelaren tratamenduan arau-aldaketa bat gertatu zen, eta, ondorioz, proiektua aldatu behar izan zen instalazioak eskakizun berrietara egokitzeko, eta horrek aparteko inbertsio bat ekarri zuen, 41.277 eurokoa.

Azkenik, horri guztiari eraikinaren hargune elektrikoa gehitu behar zaio. Eraikin soziosanitarioa kudeatzen ari den Osakidetza eta Iberdrolarekin irizpide desberdinak izan ditugu, eta azkenik, udalak bere gain hartu behar izan du honen obra. Izapidetze horrek ere azken unean atzerapena ekarri du.

Lorategia eta pasabidea

Beste puntu bat lorategiaren eta pasabidearen proiektuak izan dira, nahiz eta ez dagoen lotuta komentuaren lizitazioarekin, baina erantsitako urbanizazioa baldintzatzen du. Bi proiektuak hasieratik lotuta zeuden errekaren kudeaketa duen URA-ren baimenarekin, baina hasieran ukatu egin zen baimen hori inundabilitate kontuengatik.

Pasabidearen proiektuaz arduratzen zen ingeniaritza enpresak proposatutako aldaketa batzuen ondoren, aurtengo otsailean URA-ren oniritzia jaso zuen udalak. Aldaketa hauek, gobernu taldeak proposatzen genuen proiektu-ideia baino 200.000€ gehiagoko inbertsioa suposatzen zuten.

Horregatik guztiagatik, parkearen-proiektu berri bat egitea erabaki da, bi helbururekin: parke eta pasabide irisgarriagoak egitea eta ekonomikoki bideragarriagoak izatea. URAren ezezkoak eragindako egoera horrek parkearen obra atzeratu duenez, komentutik hurbilen dagoen zatia urbanizatuko da lehenik. Horretarako, Errekabarreneko hormaren zatia botako da eta ondoko espaloia konponduko da. Hori guztia 170.000€-ko aurrekontuarekin. Helburua konbentuko parkerako sarbidea ondo ustea izango da.

Laburbilduz:

  • Komentuko lanak amaituta daude, detalle batzuk faltan.
  • Ondoko urbanizazio-proiektua eta Errekabarren kaleko horma eraisteko lanak egingo dira hurrengo 4 asteetan.
  • Autonomia Sustatzeko Espazioaren proiektua amaituta dago, eta lizitazioak prestaketaren azken fasean daude. Proiektu hori ekainean aurkeztuko da.
  • Komentuaren esparrua, bere zerbitzu guztiekin, aurtengo urrirako martxan egotea espero da.