Kiroldegiraino doan pasealekua egokitzeko obra-kontratua eten egin da

2018/11/27
Obrak geldirik daudela ikusita, erreklamazioa aurkeztu zuen Aretxabaletako Udalak eta enpresaren erantzunik ez denez jaso, kontratua eten da.

 

Ekainean sinatu zen pasealekua luzatzeko obren kontratua eta pasa den astean Aretxabaletako Udalak eginiko Gobernu Batzordean onartu zen kontratua etetea. Izan ere, obra hauek geldirik daudela ikusita, dagokion erreklamazioa jarri zuen Udalak eta esleitu zitzaion enpresari erantzukizuna eskatu zitzaion. Halaber, legeak markatzen duen epea eman zaio enpresari erantzuna emateko baina behin epea agortuta ez denez inolako erantzunik jaso, kontratua bertan behera uztea erabaki da.

Ondorengo pausuak lehenbailehen zehaztu eta obra ahalik eta azkarren martxan jartzea da Udalaren asmoa. Horretarako, proiektuaren errebisioa eskatu zaio SESTRA ingeniaria aholkularitza-enpresari eta horren ondoren lizitazio berria egitea aurreikusten da. “Hasieran lau hilabetetako epea definitu bazen ere, izan dugun ustekabe honek atzeratuko du obraren amaiera. Uste dugu hasierako aurrekontua %20an igoko dela, balorazio berria egin behar baita, baina hala ere gure asmoa da lehenbailehen esleipena egin eta pasealeku berria egiteko obrak martxan jartzea” dio Unai Elkoro alkateak.

Gauzak horrela, urtarrilean obrak berriz martxan jartzea da asmoa eta aurretik zehazturiko lau hilabeteko epean amaitzea espero da.