Kiroldegiaren aurrean dagoen berdegunearen erabilerak prozesu parte-hartzaile batean erabakiko dira
Udalak parte-hartze prozesu bat jarriko du abian Ibarra kiroldegiaren aurrean dagoen berdegunearen espazio librean egokituko diren erabilerak eta ekipamenduak erabakitzeko. Ekimena maiatzaren 12an hasiko da, herritarrei irekitako saio batekin, eta maiatzaren 30etik ekainaren 4ra bitartean egingo den proposamenen bozketa fasearekin amaituko da.
Zelai honen etorkizuneko diseinua zehazteko prozesua aurkeztu dute Unai Elkoro alkateak, Koldo Zubillaga Kirol zinegotziak, eta Ibai Larrabe udal arkitektoak.
Alkateak azaldu duenez, kiroldegiaren ondoko zelaian libre dauden ia 3.000 metro karratuetan kokatuko diren instalazio edo zerbitzu motak zehazteko proiektua 2022ko aurrekontuetako inbertsioetan jasotako jardueretako bat da. “Prozesu honi heldu eta herritarrekin partekatu nahi dugu; aretxabaletarrek proposatu eta erabaki dezatela zer egin espazio publiko honetan”, adierazi du alkateak.
Horren harira, Koldo Zubillaga Kirol zinegotziak berretsi du helburua dela jakitea zer nahi duten herritarrek berdegune horretan; “beraien ustez, zer behar bete behar diren herrian, eta, hortik aurrera, bi urtetik hiru urtera bitarteko egutegi bat ezartzea, hainbat ekitaldi ekonomikotan proiektuak gauzatzen joateko”.
Hiru lan-mahai
Maiatzaren 12ko saioan Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) idazteko orain arte burutu diren parte-hartze faseetan herritarrek egindako proposamenak hartuko dira abiapuntutzat. Landutako gaietako bat ekipamenduak izan dira, eta, atal honetan, udalerri osorako hainbat proposamen jarri dira mahai gainean, batzuk kirol azpiegiturekin lotuta.
Proposamen horietako batzuk, aipatutako berdegunean okupatu gabe dauden metroetan koka daitezkeenak, kontuan hartuko dira hilaren 12ko eztabaida gidatzeko: jolasgune natural bat berdegunea errespetatuz, mahaiak jarriz eta zuhaitzak landatuz; ur-jokoak; padel pista bat; edo kirol anitzeko kantxa bat.
Bilera Arkupeko bigarren solairuan izango da, 18:30etik aurrera. Hiru mahai antolatuko dira, eta bakoitzak bere aldetik landuko ditu kirol-eremua, aisia, eta biak batera. Bilera horretan hiru proposamen aukeratuko dira – lan-mahai bakoitzeko bat –, eta ondoren herritarrek bozkatuko dituzte.
Hiru proposamen horiek Arkupen jarriko dira ikusgai, aretxabaletarrek botoa aurrez aurre eman dezaten maiatzaren 30etik ekainaren 4ra bitartean. Egun horietan bertan, bozketa telematikoki ere egin ahal izango da udal webgunean.