Karmele Igartua Sorkuntza Lehiaketaren 12. edizioak poesia generoa jorratuko du

2022/09/28
Lanak gutxienez 500 lerro eta gehienez 800 arteko luzera izango du, gai librearekin. Irabazleak 2.500 euroko saria jasoko du, eta datorren urtean Idazle Eskolako edozein modulutan parte hartu ahal izango du, inolako matrikularik ordaindu gabe. Aretxabaletako Udalak eta Bergarako Idazle Eskolak sorkuntza bekek idazle berriak bultzatzeko duten garrantzia azpimarratu dute.

Aretxabaletako Udalak eta Bergarako Idazle Eskolak elkarlanean seigarren aldiz Karmele Igartua Sorkuntza Lehiaketa dute.  Hasieran Bergarako Idazle  Eskolak ikasle artean antolatutako Sorkuntza Beka izatetik, Karmele Igartua idazle eta olerkari aretxabaletarren omenez jarraitu du bere bidea lehiaketak.  Beraz, aurten  bekak bere hamabigarren edizioa burutuko du. 

Deialdiaren nondik norakoak gaur aurkeztu dituzte Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak, Bergara Idazle Eskolako zuzendariak, Tere Irastorzak, eta epaimahaiaren kide den Pako Aristi idazleak. Poesia izango da aurten jorratuko den generoa, eta 16 urtez gorako edozein idazlek parte hartzeko aukera du.

Lan bakoitzak, gutxienez 500 lerro eta gehienez 800 arteko luzera izango du, gai librearekin. Gainera, poema-bilduma bakarra aurkeztu ahal izango da.

Parte hartzeko epea  azaroaren 30era arte

Aretxabaletako Udalaren laguntzarekin antolatutako lehiaketa honen irabazleak 2.500 euroko saria jasoko du, eta 2023ko Idazle Eskolako edozein modulutan parte hartu ahal izango du, inolako matrikularik ordaindu gabe. Lana  www.idazten.com orrian  ere argitaratuko da. Egile eskubideek idazlearenak izaten jarraituko dute urtebete pasa ondoren. 

Lana aurkezteko epea 2022ko azaroaren 30ean amaituko da, postaz edo elektronikoki bidaliz.

Karmele Igartuaren poesia osoa argitaratuko da

Aurtengo edizioa berezia izango da Pamiela argitaletxeak, Aretxabaletako Udalaren eta Idazle Eskolaren  laguntzarekin, Karmele Igartuaren poesia osoa argitaratuko baitu abenduan Durango ospatuko den Liburu Azokarako. Aretxabaletako Udalak diruz bultzatuko du argitalpena. 

Karmele Igartuak berak irabazi zuen hasieran Bergarako Idazle Eskolako beka, orain bere izena daramana, Gero arte ipuin-bildumarekin, eta bere lehen lanak ere Hitzak orbainetan Felipe Arrese Beitia Saria jaso zuen. Modu honetan, deialdi honen antolatzaileek sorkuntza bekek idazle berriak bultzatzeko duten garrantzia azpimarratu nahi dute.

Informazio gehiago eta oinarriak www.idazten.com orrian aurkitu ahal izango dira. 

OINARRIAK