Irisgarritasuna hobetzeko lan desberdinak egiten ari da Aretxabaletako Udala

2018/06/12
Aretxabaletako Udala kaleko irisgarritasuna hobetzeko plangintza berezia diseinatzen ari da. Testuinguru horretan, hainbat hobekuntza egin dira dagoeneko eta beste hainbat ere egingo dira aurten bertan.

 

Elementu desberdinak aztertu dira, eta mugikortasuna puntu desberdinetan hobetzeko egin behar diren lanak jaso dira, nolabait “ibilbide irisgarria” egin ahal izateko Aretxabaletan zehar. Horiek guztiak diseinatzen ari den Irisgarritasun Planean jasoko dira.

Dagoeneko, egin diren hobekuntzen artean daude zebra bideak. Herrian sakabanatuta dauden zebra bide asko egokitu dira, zuten koska kendu zaie eta irisgarritasuna hobetu da. Horrez gain, beste berri batzuk ere egingo dira hainbat puntutan. Bestalde, aurten izan diren euriteek eta trafikoak berak kalte ugari eragin dute kaleetako zoruan eta horiek konpontzeko ere ahalegin berezia egingo da. Esate baterako, autobus geltokietako zorua asfaltatu da dagoeneko. Horrez gain, Loramendi kalea ere asfaltatzea aurreikusten da aurten bertan. Eta Loramendi eta Araba ibilbidearen artean dagoen biribilgunean azterketa berezia egingo da, irisgarritasuna zein mugikortasuna hobetzeko.

Loramendi kalean bi zebra bide berri ere egingo dira eta lurzorua asfaltatuko da. Horrez gain, kiroldegiaren sarbidean dagoen zebra bidea egokituko da, eta horretarako pasabide berezia eraikiko da.

Errekabarren kalean lan desberdinak egingo dira. Espaloian dauden zuhaitzen sustrai luzeek eragin dituzten arazoak direla eta, hauek kendu eta espaloiak nabarmenki hobetuko dira.

Epe luzera egingo diren lanak

Aipatutako Irisgarritasun Plana fase desberdinetan egingo da. Hori dela eta, badira epe luzera egingo diren beste lan batzuk ere. Nolabait aktuazio berezia behar duten guneak dira eta kasu batzuetan azterketa sakona egin beharko da, irtenbide desberdinak mahai gainean jarri eta egokiena lantzeko.

Gorbeia eta Zaraia kale artean dagoen etxe urbanizazioan hainbat behar somatu dira eta baita Santakurtz kalean. Horregatik, irisgarritasun ikuspuntutik azterketa sakonak egingo dira puntu hauetan eta neurrira eginiko soluzioak planteatuko dira.

Aretxabaletako Udalak 300.000 € inguruko inbertsioa bideratuko du aurten irisgarritasuna hobetzeko eta plan berezian jasoko ditu hurrengo urteotan egingo diren beste lan batzuk ere.