Indarkeria matxistei eta emakumearen ahalduntzeari buruzko hausnarketa egingo da kontsumoaren bidez

2020/02/06
Udalak eta Setem Hego Haizeak hainbat ekintza antolatu dituzte otsailetik maiatzera arte. Lehenengo hitzordua hilaren 11n izango da, Irantzu Varelak eskainiko duen ‘San Valentineko eromen kontsumista” hitzaldiarekin.

Kontsumoaren hainbat arlotatik, indarkeria matxistei, emakumeen ahalduntzeari, berdintasunaren eta iraunkortasunaren kultura berri baten eraikuntzari, eta ekofeminismoari buruz eztabaida eta gogoeta sustatzea helburu duen programa antolatu dute Udalak eta Setem Hego Haizea Gobernuz Kanpoko erakundeak datozen hilabeteetarako. Lau solasaldi, tailer eta dokumental baten bidez, gune bat sortuko da San Valentin eromen kontsumistaz, martxoaren 8ko kontsumo greba feministaz, eta elikadura industrialak herritarren osasunean eta ekosisteman eragiten dituen kalteez hitz egiteko, besteak beste.

Karmele Uribarri Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, Udalak bat egin du ekimen horrekin aurreko legealdian onartu zen Berdintasunerako II. Udal Planean finkatutako ardatzei erantzuten dielako. "Planak herritarrak sentsibilizatzeko ekintzak abiaraztea planteatzen du, eta ildo horretan otsailetik maiatzera egingo diren hainbat jardueratan lan egingo da", dio Uribarrik.

Hala, lehen hitzordua hilaren 11n izango da, San Valentin eromen kontsumista izenburupean, eta Irantzu Varela kazetari eta feministaren eskutik (Arkupen, 18.00etan). Otsailaren 18an Kontsumo greba feministarantz, martxoan eta beti! solasaldia egingo da (Arkupen, 18.30ean), eta martxoaren 10ean indarkeria matxistak eta kontsumoari buruzko ikastaroa emango dute. Martxoaren 17an, Emakumeak fabrikatzen dokumentala aukeztuko dute, eta apirilaren 21ean, El Salvadorreko Mujeres Transformando erakundeak El textil como proceso de empoderamiento hitzaldia eskainiko du. Amaitzeko, maiatzaren 5ean, Gure elikadura ekofeminismotik zaintzen dugu solasaldia egingo da.