Ikusleek larunbatetako zinema emanaldia 19:30era aldatzea babestu dute

2020/01/15

Ikusleek begi onez hartu dute larunbat gauetako zinema saioa 19.30era aurreratzeko erabakia. Udal Kultura sailak joan den azaroan jarri zuen martxan aldaketa, Arkupeko aretora joaten diren pertsona ugarik hala eskatuta.

Abenduan herritarren iritzia ezagutu nahi izan zuten, udaletxeko App-aren eta zinema emanaldietan bete ahal izan zen inkestaren bidez. Hala, APPren bidez, parte-hartzaileen %61,54 aldaketaren alde agertu dira; %7,69k, berriz, kontra bozkatu dute, eta %30,77k zuriz egin dute. Arkupen bozketaren zentzua berbera izan da: 142 lagunek alde bozkatu dute, 34k kontra eta bik zuri.

Emaitza horiekin, eta probako lehen hilabetearen ondoren, larunbatetako saioa, 22.00etakoa, behin betiko kenduko da, eta haren ordez, 19.30ean eskainiko da. Gainontzeko egunetan ez dago aldaketarik.

Hilabete amaierara arte Arkupeko zinema aretoak hiru film komertzial eskainiko ditu. Horrela, datorren ostiraletik astelehena bitartean, Intemperie pelikula botako da, eta 24tik 27ra, Dios mío, ¿pero qué te hemos hecho… ahora? komedia. Haurren atalean, Frozen II animaziozko filmaz gozatu ahal izango da (hilaren 18an, 19an, 25ean eta 26an). Zineklubak, berriz, Rojo filma proiektatuko du ostegunean, eta Sorry we missed you hilaren 23an.