Ibarra Kiroldegia kudeatzen Athlonek jarraituko du
Ibarra kiroldegiko zerbitzuen kontratazioa esleitzeko ezohiko osoko bilkura egin zuen Udalbatzak asteartean. Aho batez onartu zuen zerbitzu horien ardura Athlon kooperatibari ematea, orain arte kudeaketaz arduratzen den enpresa berari.
Hiru enpresa aurkeztu ziren lehiaketara eta eskaintza teknikoan puntuaziorik altuena Athlonek jaso zuen. Ekonomikoarekin ez zen gauza bera gertatu, baina batez bestekoan garaile suertatu zen Athlon.
Sinatuko den kontratuaren arabera, urtean 502.812 euro ordainduko ditu Udalak zerbitzu honengatik: batetik, harrera, sorosle-zerbitzua, mantenua, rokodromoa eta koordinazioa (391.055 euro); eta bestetik, kirol jarduerak eta fitness gelako aholkularitza (26,66 euro orduko. Urtean estimatu duten ordu kopurua: 4.216).
Orain hamabost eguneko epea dago errekurtsoak aurkezteko, eta halakorik egon ezean kontratua sinatuko dute. Kontratu hori urtero luzatu ahal izango da, gehienez bost urtez.
Langileen lan baldintzak hobetzeaz gain, kirol jarduerei dagokienez, eskaeraren arabera ordu gehiago emateko aukera zabalik utzi da, orduko prezioa ezarri baita.