Ibarra futbol zelaiaren argiztapen berriak energia kontsumoaren %57 aurreztea lortuko du

2021/02/11

.Udalak Tecuni enpresari 16 led proiektagailu hornitzea eta jartzea esleitu dio

. Ekipo berriak gehienez ere hamabi asteko epean egokitu eta instalatuko dira

Udalak Ibarra futbol zelaiko argiztapena ordezkatzeko lanak esleitu ditu. Led argi berriak jarriko dira, argindarraren kontsumoan %56,60ko energia aurreztea ahalbidetuko dutenak.

Martxan jarritako deialdian parte hartu duten sei eskaintzetatik Tecuni enpresarena aukeratu dute. Lanek 56.900 euroko kostua izango dute, gehi BEZa. Udala Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) diru-laguntza programara aurkeztuko da, 2020ko aurrekontuen kontura ordainduko den inbertsio honi laguntzeko.

Ibarrako zelaiaren egungo argiteria 19 metroko lau dorrez osatuta dago, eta bakoitzak sei proiektore ditu. Ekipamendu horren ordez, 16 led proiektagailu jarriko dira, eta bakoitzak 1.500 Wko potentzia izango du; guztira, 24 KW.

Teknokogia berriak hainbat abantaila ekarriko ditu, besteak beste, argiek bizitza erabilgarri luzeagoa izango dute. Gainera, argiaren erabilera funtzionalagoa eta arrazionalagoa izan dadin, proiektore berriek erregulazio sistema bat izango dute, beharren arabera (entrenamenduak, partidak…) sei eszena edo posizio desberdin jartzeko aukera emango duena. “Horrek guztiak instalazio eraginkorragoak, jasangarriagoak eta energia gutxiago kontsumitzea ekarriko du”·, azaldu du Udalak.

7.000 euro aurreztuko dira urtean

Ibarrako zelaiaren argiztapena hobetzea efizientzia energetikoaren eta aurrezpenaren irizpideei jarraituz egin da. Izan ere, kirol instalazio horretako argien gastua urtean 7.000 euro baino zertxobait gehiago murriztea aurreikusten da.

Tecuni enpresak hiru hilabeteko epea du ekipoak hornitu eta jartzeko.