Hutsik dauden etxebizitzen jabeekin bilera deitu du Udalak emateko oinarriak zehaztu baino lehen. Deialdi publikoa 2022an egingo da.
Gazteei etxebizitzaren alokairua ordaintzen errazteko diru-laguntzen programa bat abian jartzeko lanean ari da Udala. 18 urtetik 35 urtera arteko herritarrei emantzipatzen laguntzea eta etxebizitzen alokairua bultzatzea dira ekimen honen helburuak.
Ekainean gazteekin egindako bileraren ondoren, Udalak bigarren saio baterako deia egin du, oraingo honetan etxebizitza hutsen jabeei zuzenduta, ekimenaren xehetasunak azaltzeko eta etxebizitza alokairuan jar dezaten animatzeko. Hitzordua datorren astelehenean, urriak 25, izango da komentu zaharreko kaperan, 18:30etik aurrera.
Udalak herritarren iritzia jakin nahi izan du, eta haien iradokizunak jaso, diru-laguntza horiek emateko oinarriak zehaztu baino lehen. Deialdi publikoa 2022an egingo da.
Programa herriko gazteei zuzenduta egongo da, eta laguntzak banaka edo bizikidetza-unitate gisa eskatu ahal izango dituzte. Hasiera batean, alokairu kontratuak ezin izango du hamabi hilabete baino gutxiagoko iraupena izan. Urteko diru-sarrera gordinak 28.000 eurotik gorakoak ez izatea aurreikusten da pertsona bakar batentzat, eta 44.000 eurotik gorakoak bizikidetza-unitatearentzat.