Hogei jarduera baino gehiagok osatzen dute ikasturte berriko kirol eskaintza

2021/09/08
Berrikuntzen artean, matronazio eta aquagym ikastaroak, nerabeentzako circuit training saioak eta emakume korrikalari taldea eskainiko dira. Irailaren 13tik 17ra ate irekiak izango dira kirol modalitate ezberdinak doan probatzeko.

Hogeita lau jarduerek osatuko dute Ibarra kiroldegiko ikasturte berrirako eskaintza. 2021/2022 kanpainako berritasunen artean, honako hauek daude: haurdunentzat igeriketa saioak, nerabeei zuzendutako Circuit training edo zirkuituko entrenamendu saioak, eta aquagym ikastaroa. Gainera, emakume talde bat osatu nahi dute korrika egitera joateko, eta astero bi hitzordu izango dira astearte eta ostegunetan.

Kirol eskaintzaren xehetasunak aurkeztu dituzte Koldo Zubillaga Kirol zinegotziak, Asier Mujika kirol teknikariak eta Athloneko koordinatzaile den Iñaki Olaetxeak.

Multifitness, mantentze gimnasia, xunba, yoga, tonifikazioa, hipopresiboak, GAP eta core training dira bost egunetan zehar doan probatu ahal izango diren jardueretako batzuk, irailaren 13tik 17ra bitartean. Edukiera dela eta, eta saioen garapen egokia bermatzeko, ate irekien jardunaldi horietan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik erreserba egitea, kiroldegira deituta edo harrerara bertaratuta.

Horrela, 2021/2022 denboraldian lau proposamen berri sartu dira:

  1.  Aquagym. Saioak astearte eta ostegunetan emango dira, 10:00etatik 10:45era.
  2.  Matronazioa. Haurdunentzako uretako jarduera. Astelehenetan eta asteazkenetan izango da, 14:15etik 15:00etara.
  3. Emakume korrikalari (running) taldea. Ekimena emakumeei zuzenduta dago eta jarduera fisikoarekin bat egitea du helburu, runnning-a asteko errutinan sartuz. Erabiltzaile bakoitzaren mailaren arabera, monitoreak hainbat running-saio egituratu eta planifikatuko ditu, lesioak ahal den neurrian saihesteko eta taldean korrika egitearen esperientziaz gozatzeko. Astean bi hitzordu proposatzen dira, astearte eta ostegunetan, 19:00etatik 19:45era.
  4. Circuit training edo zirkuituko entrenamendu saioak nerabeei zuzenduta. Jarduera osoa da, eta indarra eta erresistentzia kardiobaskularra lantzen dira, koordinazioa ahaztu gabe. Horretarako, pisuak, bosuak, kettlebellsak eta antzeko elementuak erabiltzen dira. Monitoreak hainbat ariketa-zirkuitu eta entrenamendu-metodologia diseinatzen ditu, eta horiek musikan oinarritzen dira parte-hartzaileak motibatzeko.

Haurrentzako igeriketa ikastaroak

Bestalde, igeriketa ikastaroei jarraipena eman nahi dieten haurrek 15 minutuko saioak egingo dituzte irailaren 10era arte, uretan dituzten trebetasunak ezagutzeko eta ahalik eta talde homogeneoenak sortzeko. Bestalde, igeriketan hasiko diren haurrekin abilezia zehaztapen bi saio egingo dira irailaren 13tik 17ra bitartean, astelehen eta asteazkenetan edo astearte eta ostegunetan.

Edukiera %60ra mugatzen da

Pandemiaren aurkako prebentzio neurriek kirol instalazioen edukiera %60ra mugatzen dute. Aldagelen kasuan, aldiz, %50era murrizten da. Era berean, kiroldegia erabiltzeko txandak mantenduko dira, baina gehiago iraungo dute.

JARDUEREN ESKAINTZA 2021-21

KIROLDEGIA ERABILTZEKO TXANDAK