Hirigintza planeamendurako aholku kontseilua martxan jartze onartu du udalak

2019/11/21
Tokiko hainbat eragilez osatutako organo bat da, Plan Orokorra definitzeko prozesuan aholkuak eman eta eztabaidatuko duena.

 

Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) idatziko du Udalak, hau da, udalerriko lurzoruaren erabilera desberdinak definitzen eta arautzen dituen udal tresna. Prozesua aurrera eramateko eman diren lehen urratsen artean, Hirigintza Planeamendurako Aholku Kontseilua martxan jartzea onartu du Udalbatzak.

Herriko eragile ezberdinez osatutako tokiko organo honen eginbeharra aholkuak ematea eta eztabaidatzea izango da. Izan ere, kontseilu hau hirigintza-plangintzan eta garapen iraunkorraren artikulazioan eta sustapenean parte hartzeko erreminta gisa sortu da.

25 bat taldeko ordezkariak gonbidatuko dituzte parte hartzera. Beraz, alkatea (edo berak izendutatako zinegotzia), Hirigintza arloko eskumena duen zinegotzia, eta udal ordezkaritza duten alderdi politiko guztien kideekin batera, herriko elkarte eta kolektibo anitzeko ordezkariek izango dute bere tokia: landa auzoetako ordezkariak, merkatari eta ostalarienak, euskara elkarteenak, kultur eta kirol taldeenak, mugimendu feministarenak, gazteriarenak, jubilatuen elkarteenak, eskola komunitatearenak…

EH Bilduko zinegotzi den Ion Albizuk Plan Orokorra definitzeko prozesua gidatuko du, Udal Gobernuaren oniritziz. “Kontseiluak herritarren partaidetza sustatuko du, eta bere alea jarriko du Hirigintza plangintzako agiriei erantsitako herritarren partaidetza programan egindako aurreikuspenak hobeto bete daitezen”, adierazi du Albizuk.

Udalaren asmoa Hirigintza Planeamendurako Aholku Kontseilua otsailean eratzea da, baina aurretik, arkitekto bat kontratatuko da HAPOren prozesu guztia legearen arabera egin dadin. “Helburua, gutxienez, agintaldia bukatu aurretik dokumentuari hasierako onarpena ematea da”, azaldu du Albizuk.

Plan Orokorrak orain arte indarrean egon diren arau subsidiarioak ordezkatuko ditu.