Hirigintza Planak parte hartzeko bigarren faseari ekingo dio gaur
Aretxabaletako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) zehazteko prozesuak bigarren faseari ekingo dio gaurtik aurrera, iazko azaroaren 15etik abenduaren 3ra bitartean gauzatutako saioen ondoren egindako diagnostikotik ateratako alternatibak, irizpideak eta helburuak herritarrekin batera lantzeko helburuarekin.
Bigarren fase hori bi astez luzatuko da, parte hartzeko hainbat bide erabiliz. Horrela, gaurtik otsailaren 27ra bitartean inkesta online bete ahal izango da www.hapo-aretxabaleta.eus webgunean. Herritarrei zuzendutako aurrez aurreko bi saio ere egingo dira. Lehenengo bileran, otsailaren 22an, hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola natura-ingurunea, mugikortasuna eta etxebizitza. Bigarrenean, hilaren 24an, ekipamenduak eta espazio publikoak izango dira ardatz. Bi bilerak Arkupen egingo dira, 18:00etatik 19:30era.
Gainera, saio espezifikoak antolatuko dira hainbat talderekin: ikastetxeekin, haurrekin, gazteekin, udaleko teknikariekin… Landa auzoetako alkateei eta herrian kokatutako zenbait sektoretako jarduera ekonomikoei galdetegi bat ere bidaliko zaie.
Aretxabaletako etorkizun urbanistikoaren diseinua herritarren inplikazioarekin egin nahi da. Herritarrek parte hartzeko aukera dute lurzoruaren erabilerak arautuko dituen plangintza-tresna hau zehazten; hau da, zer, non eta zenbat gauzatu ahal izango den udal eremu fisikoaren barruan.
Nahi dugun Atxabalta da HAPOa idazteko prozesuaren goiburua: etxebizitzarekin, espazio publikoekin, ekipamenduekin eta mugikortasunarekin, besteak beste, zerikusia duten gaietan hirigintza-arloko garapenak markatuko dituen ibilbide orria.
450 pertsonak hartu zuten parte diagnostiko-fasean
Lehenengo fasean, diagnostiko-fasean, 450 pertsonak parte hartu zuten; 287k online galdetegiaren bidez eta 163k antolatutako saioetan. Parte-hartzaile horietatik, %54 emakumeak izan ziren. Udalak eta prozesua dinamizatzeaz arduratzen den Lur Studio enpresak oso positibotzat jotzen dute parte-hartze maila hori.
Planteatutako bederatzi gaietatik bik interes handiagoa piztu dute: espazio publikoek eta ekipamenduek, eta, ondoren, mugikortasunak eta ingurune naturalak. Era berean, adostasun maila handiena mugikortasunarekin, espazio publikoarekin eta natura-ingurunearekin lotutako gaietan eman da; desadostasun handienak, berriz, ekipamenduen, jarduera ekonomikoaren eta etxebizitzaren esparruetan sortu dira.
Hona hemen diagnostikoan egindako proposamenetako batzuk:
- Espazio publikoa: HAPO berrian espazio publikoa eta haren erabilerak (paseoak, jolasak, kirola egitea…) areagotzea planteatzen da. Herrian haurrentzako eta gazteentzako gune estali bat izan behar dela ikusten da.
- Ekipamenduak (hezkuntzakoak, osasunekoak, kirolekoak, soziokulturalak, asistentzialak…): Parte-hartzaileen iritziak askotarikoak dira. Pertsona horien erdientzat gaur egun dauden ekipamendu soziokulturalak ez dira nahikoak.
- Mugikortasuna: HAPO berriak oinezkoen mugikortasun segurua eta irisgarria lehenetsi behar duela uste dute partaideek.
- Ingurune naturala: Urkulu nabarmentzeko beharra ikusten da, zaindu eta babestu beharreko gune interesgarri gisa.
- Etxebizitza: Prozesuan parte hartu dutenek uste dute beharrezkoagoa dela lehendik dauden etxebizitzak hobetzen laguntzea, etxebizitza berriak eraikitzea baino. Hutsik dauden etxebizitzen kopurua murrizteko ekimenak egitearen alde ere agertu dira. Eraikin berriak aurreikusiz gero, gehienak babestuak izatea planteatzen da.
- Jarduera ekonomikoa: Beharrezkoa ikusten da merkataritza eta hurbileko zerbitzuak bultzatzea. Iritzi desberdinak daude egungo lurzoru industrialaren eta hirugarren sektoreko lurzoruaren kopurua mantendu behar den ala ez.
- Jasangarritasuna eta klima aldaketa. Plan Orokorrak Aretxabaleta prestatu behar du klima aldaketari aurre egiteko, energia eraginkortasunaren, mugikortasun iraunkorraren eta azpiegitura berdeen bidez.
- Inklusibotasuna eta osasuna: HAPO berriak herri inklusiboaren, trinkoaren eta erabilera aniztasunaren aldeko apustua egin behar du, biztanle guztien eguneroko beharrei erantzunez.
- Ondarea: Ondare eraikia babestu behar da, nahiz eta kasu batzuetan uste duten haren elementu batzuk baino ez liratekeela babestu behar.
Prozesu luzea
Hirigintza-estrategia zehaztuko duen plana idaztea prozesu luzea da, eta bost edo sei urtez luza daiteke. Hainbat fase ditu: diagnostikoa, HAPOren aurrerakina, Plan Orokorraren hasierako onarpena, behin-behineko onarpena eta behin betiko onarpena.