Hauteslekua kiroldegian egongo da kokatuta

2020/07/03
Lekuz aldatu da koronabirusaren aurkako segurtasun neurriak bermatzeko. Zirkulazioaren distantziei eta noranzkoei buruzko argibideekin antolatuko da sarrera eta irteera.

Koronabirusaren hedapena saihesteko hartutako osasun eta urruntze neurriek uztailaren 12ko hauteskunde eguna markatuko dute. Protokoloa betetzeko, Udalak hauteslekuaren kokapena aldatu du. Ibarra kiroldegian egongo da kokatuta, eta ez Kurtzebarri eskolan ohi bezala.

Zortzi hauteskunde-mahaiak elkarrengandik urrun jarriko dira kiroldegiko kantxan: horietako lau harmailen azpian ipiniz, eta gainerakoak parean. Boto-emaileen sarrera antolatuko da, distantziei eta zirkulazioaren noranzkoari buruzko jarraibideak adierazita. Kantxan edukiera mugatu egingo da pilaketak ekiditeko eta zuzenean sartuko da kiroldegiko harreratik igaro gabe.

5.455 atxabaltar daude deituta botoa ematera Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Hauteslekuak 9:00etatik 20:00etara irekiko ditu bere ateak, eta denbora horretan ezin izango da futbol zelai berriaren aurrean aparkatu, botoa emateko kotxez joan behar duten herritarren joan-etorriak errazteko. Autoak Ederlaneko aparkalekuan ere utzi ahal izango dira.

Gomendioak eta botoa nola eman:

  1. Bozkatzera joan aurretik, etxean jasoko den errolda-txartela berrikustea gomendatzen da. Bertan, botoa emateko atala eta mahaia agertzen dira.
  2. Maskara jantzita eraman behar da eta bozketa egiteko unea baino lehen kendu ahal izango da identifikatzeko.
  3. Derrigorrezkoa izango da eskuak garbitzea hauteslekuaren sarreran eskura egongo den gel hidroalkoholikoarekin.
  4. Botoa etxetik prest eramatea gomendatzen da ahalik eta kontaktu gehien saihesteko.
  5. Mahaietako kideek higiene eta babes jarraibide berberak jarraituko dituzte.
  6. Boto-emaileak sartuko du botoa hautestontzian.
  7. Ilarak sortuz gero, lehentasuna emango zaie 65 urtetik gorakoei, haurdunei eta desgaitasuna duten pertsonei.