Haurren eta nerabeen eskubideen nazioarteko egunaren harira antolatutako ekintzak

2017/11/13

1959ko azaroaren 20an, Haurren eta Nerabeen Eskubideen Aldarrikapena egin zuen Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak. Aldarrikapen horretan haur eta nerabeen eskubide unibertsalak finkatu ziren oinarrizko 10 printzipiotan laburbilduta.

Harrezkeroztik, azaroaren 20an, Haurren eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen da.

Dena dela, Aretxabaletan aurten prestatu da lehenengo aldiz egun horretarako egitarau berezia. Egitasmoa Guraso Foroak eta Aretxabaletako Udalak bultzatu dute, Kurtzebarri eskola, Arizmendi ikastola eta Algara ludotekaren laguntzaz, eta ikastetxeetan ez ezik herrian ere landuko da.

Ikastetxeetan, eskubideak zeintzuk diren azalduko zaie haur eta nerabeei, eta munduko zenbait lekutan bizi diren egoerei buruzko hausnarketa bultzatuko da. Eskubideak eta betebeharrak lantzeko, Arartekoak eskainitako baliabide pedagogikoak erabiliko dira, besteak beste.

Herrira begira, azaroaren 24ko Elkartasun jaia izango da ekitaldi nagusia. Hori antolatzeko, Guraso Foroak oinarrizko 10 eskubideetatik bat aukeratu du (hezkuntzarako eskubidea), eta esparru horretan lan egiten duen GKE batekin harremanetan jarri da, Baltistan Fundazioarekin, hain zuzen ere. Jai horretan jasotako dirua elkarteak babesten dituen haurrei laguntzeko izango da.

Hezkuntzarako Eskubidea. Baltistan fundazioarentzako diru bilketa

Baltistan Fundazioak 16 urte daramatza Pakistango Baltistan herrialdean dagoen Husé bailarako biztanleei laguntzen, proiektu desberdinen didez.

Mendi erraldoiz inguratuta eta nahiko isolatuta dagoen eskualde horretan, heziketarako eskubidea erronka bat da oraindik bertako neskentzat,  eta  Baltistan Fundazioa urtetan ari da neskak eskolaratzeko dirua batzen, “600 bono 600 neskato” deritzon kanpainaren bitartez. Bono bakoitzak 50€ balio du, eta bakoitzarekin neska baten urte osoko eskola gastuak estaltzen dira.

Horiek horrela, oinarrizko eskubide hori ardatz hartuta antolatu da azaroaren 24ko Elkartasun jaia eta diru bilketa. Jasotako dirua bonoak erosteko erabiliko da.

Horretaz gain, ikastetxeen bidez datorren ikasturtean Baltistango eta Aretxabaletako haurrak harremanetan jarriko dira, elkar ezagutu eta euren arteko komunikazio bide bat zabaltzeko. (Egitasmo hau orain arte Almen ikastetxean eman da).

Elkartasun jaiaz aparte, beste ekintzak batzuk ere antolatu dira. Hona hemen egitaraua.