Hamar bat zebra-bidetan bide segurtasuna hobetuko du udalak

2019/12/20
2020ko otsaila eta martxoa bitartean Belorrietan, Errekabarren, Basaben eta Markolen egingo diren jarduketak onartu dira. inezkoentzako lehen pasabide adimenduna Eroski aurrean jarriko dute.

 

Aretxabaletako Udalak herriko hainbat tokitan dauden oinezkoen pasabideetako segurtasuna indartuko du. Horretarako, kaptafaroak, abiadura-murriztaileak eta seinale adimendunak jarriko ditu, galtzadaren inguruan oinezkoak daudela ohartarazteko. Datorren urteko otsailean eta martxoan gauzatuko diren jarduketen artean, Belorrietan (bidegorriaren eta Basabeazpi ikastolaren parean), Eroski supermerkatuaren aurrean, Errekabarren kalean (16 eta 22 atarien artean), Basaben (17 zenbakitik 23ra) eta Markolen (futbol zelaiaren ondoan) dauden zebra-bideetan egingo direnak nabarmentzen dira.

Ikusgarritasuna, seinaleak eta irisgarritasuna hobetzea da helburua, oinezkoen eta ibilgailuen trafikoaren segurtasuna bermatzeko, eta harrapaketak gertatzeko arriskua murrizteko. Udalak azterketa teknikoa egin du, eta Belorrietan, Basaben, Errekabarren eta Markole auzoan dauden oinezkoen hamar bidegurutze aztertu ditu. Azterketa horrek zenbait arrisku identifikatu ditu, hala nola, ikuspen eta argiztapen eskasa, ibilgailuen gehiegizko abiadura, edo seinale horizontal eta bertikaletan dauden gabeziak. Hauek konpontzeko neurri batzuk hartuko dituzte. Zebra-bideen ondoan ez aparkatzeko balizak ipintzeaz gain, kaptafaroak (gauez argiztatzen diren gailu islatzaileak), abiadura murrizteko elementuak eta mugimendu detektagailuak dituzten argi-seinaleak jarriko dira.

Xabi Otxoa Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, “arrisku handiagoa” duten zebra-bideei lehentasuna eman zaie, “ibilgailuen eta oinezkoen trafiko intentsitate handia” jasateagatik. Aretxabaleta Lagunkoiaren ekarpenak ere hartu dira kontuan. Plataforma horrek hobekuntzak planteatzen ditu herriarentzat, adinekoen ikuspegitik.

Era berean, Otxoak zehaztu du Santa Kurtz kaleko oinezkoen pasabideak ez direla proiektu honen barruan sartu, datorren urtean egingo diren Hornidura eta Saneamendu Planeko (PEAS) obren baitan hobetuko direlako. 

HOBETUKO DIREN OINEZKOEN PASABIDEAK

Bide segurtasunerako planaren lehen fase honek Hirigintza batzordearen oniritzia jaso zuen asteazkenean. Lan hauek 14.000 euro baino zertxobait gehiagoko kostua izango dute, eta 2019ko aurrekontuen kontura egingo zaie aurre.

Horrela, Basabeazpi ikastolatik gertu dagoen Belorrieta kaleko oinezkoen pasabidean abiadura-murriztaile bat jarriko da, eta zirkulazioaren noranzkoan ezkerraldean dagoen aparkaleku-plaza kenduko da, kontuan hartuta azterketa teknikoak ohartarazten duela puntu horretan ikuspenik ez dagoela eta zenbait kotxe abiadura handian ibiltzen direla. Belorrietako beste bi pasabidetan bi aparkaleku kenduko dituzte, bat bakoitzean (farmazia parean eta metro batzuk beherago).

Ikusgarritasuna hobetzeko helburu berarekin, Basabe, Errekabarren (Gernika plazaren aurrean) eta Markole kaleetan beste zortzi aparkaleku kentzea aurreikusita dago. Kaptafaroei dagokienez, Belorrietan eta Markolen jarriko dituzte.

Gainera, Aretxabaletak oinezkoentzako lehen pasabide adimenduna izango du, Eroski supermerkatuaren aurrean kokatuko dena. Gailu horrek sentsore batzuk izango ditu, zebra-bidean oinezkoak antzematean tarteka argiztatuko direnak, gidariei ibilgailua gelditzeko ohartaraziz.

Bigarren fase baterako, udalerriko beste puntu batzuetan egingo dira hobekuntzak. Izan ere, 2020ko aurrekontuek 20.000 euroko partida gordetzen dute oinezkoen bidegurutzeetako argiztapena hobetzen jarraitzeko.