Hainbat kultur ekitaldik Andramaixak ordezkatuko dituzte

2021/07/20
Musika, magia, jolas tradizionalak, hiriko dantza eta txirrindularitza izango dira nagusi abuztuaren 14tik 16ra bitartean egingo diren hamar ekintzatan. Ekitaldi eta ikuskizun guztiak osasun segurtasunera eta edukiera kontrolatzeko neurrietara egokituta egongo dira. "Zuhurtziaz jokatu, eta prebentzio neurriak mantendu eta bete behar ditugu", azpimarratu du Udal Gobernuak. "Edozein unetan eta egoeratan arduraz eta zentzuz" jokatzeko ere eskatu du.

Bigarren urtez jarraian, Andramaixak bertan behera geratu dira eta alternatiba gisa, abuztuaren 14tik 16ra bitartean, Udalak herritar guztiei zuzendutako kultur egitaraua antolatu du.

Unai Elkoro alkateak, Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak, Inma Miguel teknikariak eta UDAko ordezkari den Gorka Etxabek hiru egunez aire zabalean hamar bat ekitaldi eskainiko dituen Abuztu Kulturala aurkeztu dute. Habanerak, blues eta rock uztartzen dituen Noa& The Hell Drinkers talde donostiarra, Golden Apple Quartet laukote ezaguna, Arantza eta Pantxoa, eta Milagroko udal musika banda izango dira protagonistak Herriko plazako eszenatokian. Magiak, hiriko dantzak, jolas tradizionalek eta Leintz bailarako 82.Txirrindulari lasterketak ere osatzen dute egitaraua.

"Iaz ezin izan genituen Andramaixak ospatu eta aurten ere ez da posible izango. Pandemiak hor jarraitzen du eta zuhurtziaz jokatu behar dugu, prebentzio neurriak mantenduz eta betez ", adierazi du Unai Elkoro alkateak. Azpimarratu duenez, oraindik ez da jaiak antolatzeko momentua "ez baitira jendetzarik gabe ulertzen". "Normaltasunez ospatzeko berme nahikorik ez dago. Administrazio gisa, arduraz jokatzea eta herritar guztien osasuna babestea dagokigu ", gaineratu du.

Elkorok "norbanakoaren erantzukizuna eta sen ona" eskatu ditu, kutsatzeen aurrerabidea geldiarazteko. Eskaera hori "edozein une eta egoerara" hedatu du alkateak. "Hilabete batzuk barru gizartearen gehiengoa txertatuta egongo den arren, zuhurrak izaten jarraitzea dagokigu; ezin gara lasaitu", ohartarazi du.

Andramaixak kultur ekitaldiek ordezkatuko dituzte, eta, nolabait, ekainetik aurrera kaleak girotzeaz arduratu den egitarauari jarraipena emango diote, "osasun segurtasunerako eta edukiera kontrolatzeko neurriekin", nabarmendu du alkateak.

Agenda kulturala "ez da gelditu"

Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak, bere aldetik, jairik ez dela izango berretsi du, baina “bai egongo dira kultur ekitaldiak atxabaltarren gozamenerako". Gaineratu duenez, agenda kulturala "ez da geldirik egon", eta egoera epidemiologikoak ahalbidetu zuenetik programazioa mantendu egin da, lehenik Arkupen eta orain kalean, “unean uneko egoera, murrizketak eta araudiari egokituz". "Herritarren erantzuna ona izan da eta abuztuan ere hala izatea espero dugu. Hiru egunez hainbat ikuskizun eta ekintza proposatzen ditugu, ekaineko eta uztaileko formatu berarekin. Espero dugu atxabaltarrek gozatzea, eta datorren urtean merezi ditugun jaiak bizitzea ", esan du Caberok.

UDAko ordezkari den Gorka Etxabek aurreratu du Leintz Bailarako 82. Txirrindulari lasterketaren (abuztuaren 16an) hasiera eta helmuga Araba ibilbidean egongo da.

EGITARAUA:

  1. Musika:
  • ABUZTUAK 14 (Herriko plazan, 13:00etan). Gerard Morenok, Jordi Margalefek eta Pere Domenechek osatzen duten Habana Vieja taldearen kontzertua. Hirukoteak Kubako musika tradizional eta herrikoiaren errepertorioa eskainiko du.
  • ABUZTUAK 14 (Herriko plazan, 20:00etan). Ainhoa Egiguren (ahotsa), Sergio Villar (gitarra), Manu Gestido (baxua) eta Gustavo Gonzalez (bateria) dira Noa & The Hell Drinkers blues eta rock talde donostiarraren kideak. Craft Blues bigarren lana aurkeztuko dute, Paul San Martin Leizarra Musika Eskolako irakasleak lagunduta.
  •  ABUZTUAK 15. Nafarroako Milagro herriko udal musika banda (Herriko plazan, 13:00etan)).
  • ABUZTUAK 15. Katuan ‘a capella’, gospel eta umore ukituaz Golden Apple Quartet laukote donostiarrarekin (Herriko plazan, 20:00etan).
  • ABUZTUAK 16. Arantza eta Pantxoren kontzertua. Bikoteak 1997an hasi zuen bere ibilbidea eta denborarekin Nika Bitchiashvili biolinista sartu zen taldean. Beraien musika Mexikon hasi eta Argentinako Patagoniarainokoa da, euskarazko musikako kanta klasiko handiak alde batera utzi gabe (Herriko plazan, 20:00etan)

2.- Familientzako ikuskizunak:

  • ABUZTUAK 14. Erre Produkzioak konpainiak Magi Klown 2 ikuskizuna aurkeztuko du, magia eta pailazoak nahasten dituena. (Kurtzebarri Eskolako kantxan, 18:00etan).
  • ABUZTUAK15. Eriz Magoa. (Kurtzebarri Eskolako kantxan, 18:00etan).

3.- Nerabeei eta haurrei zuzendutako ekintzak:

  • ABUZTUAK 14: Kalea bizi. Izaera kulturaleko ekitaldi honetan hainbat diziplina izango dira, hala nola dantza eta musika. Gazteen break dance lehiaketa, rap kontzertua, eta dantza erakustaldia (bi dantzari popping/hip hop emanaldi batean). (Arlutzeko kantxan, 18:30ean).
  • ABUZTUAK 16: Jolas tradizionalak eta herri kirolak Kulki proiektuaren eskutik (Arlutzeko kantxan, 18:00etan)

4.-  Leintz Bailarako 82. Txirrindulari lasterketa. UDAk antolatuta. Abuztuaren 16an izango da, 10:00etatik aurrera. Txirrindulariek 43,3 kilometroko ibilbidea beteko dute.