Gustavo Bravok gorputzen hizkera bide publikoan erakutsiko du Arkupen
Gustavo Bravo kazetari eta argazkilaria izango da Arkupeko maiatzeko erakusketaren protagonista. Irekiera ekitaldian Fotografía de calle y paseo consciente hitzaldia emango du Bravok maiatzaren 5an Zaraia aretoan, 19:00etatik aurrera.
Beltzuria izeneko lana metakrilatoan eginiko 75x 50 zentimetroko hamasei obra originalek osatzen dute, eta horien bidez, gorputzek bide publikoan hartzen duten plastikotasunari eta hizkuntzari buruzko hausnarketa egiten da, hiri-arkitektura aseptiko eta hotzaren ondorioz espazioetan biltzen den energiari emandako erantzun gisa.
Gasteizen bizi den madrildar honek lan honen xehetasun guztiak azalduko ditu hitzaldian. Proiektua Ixiar Rozasen Beltzuria liburuko testuetan oinarrituta dago, eta 2021etik 2022ra bitartean garatu zuen, Bilboko kale nagusietan zehar kamerarekin ordu luzez gora eta behera ibili ondoren. Gainera, entzutera hurbiltzen diren guztiei azalduko die begirada heztearen eta garatzearen garrantzia, balioan jarriz argazkia egiteko ekintzak berak gure garaiko edertasuna eta kezkak aitortzeko eta adierazteko daukan ahalmena.
Bere curriculumean El Retiroko eta Salamancako auzoetako madrildarrei zuzendutako egunkari digitala (zonaRetiro.com) agertzen da, baita pandemian zehar argia ikusi zuen La Tercera de FotoKalea proiektua ere. Gasteizen, FotoGasteiz argazki-eskola zuzentzen du.
Erakusketa hori maiatzeko kultur egitarauak eskainiko duen proposamenetako bat da, bi antzezlan eta dantza ikuskizunaz gain. Arkupeko agertokitik kanpo, Artzai Eguna eta Otala Zelai jaia ospatuko dira maiatzaren 13an eta 14an, hurrenez hurren. Txakoli Eguna ere antolatuko da hilaren 27an, eta 28an Haurren Egunak hartuko du lekukoa.
Giza migrazioei buruz hitz egiten duen obra
Horrela, maiatzaren 7an, Zaraia aretoko taula gainean Benetan be antzerki taldeak Batetik bestera lana aurkeztuko du (17:00etan), hiru urtetik gorako haurrentzat eta haien familientzat pentsatutako umorezko ikuskizuna. Muntaia honek txorien bidezko giza migrazioei buruz hitz egiten du. Maiatzaren 12an, ordea, Kaleka antzerki elkarteak Todo el tiempo del mundo antzezlana taularatuko du (19:00etan), Jon Ander Ganboa, Alazne Ruiz de Munain, Josetxu Risueño, Ana Rodriguez Santamaria, Cres Blazquez, Maite Carrera, Leire Vadillo eta Maria Torre protagonista dituena.
Maiatzaren 31an, Zuriñe Benaventek eta Ignacio Monterrubiok osatzen duten Altraste konpainiak dantza ikuskizunarekin girotuko du Mitarte kalea (18:00etan).
Ipuinak Bapatean Zirko taldearekin
Udal liburutegiak hilero antolatzen duen ipuin saioaren eskutik, Bapatean Zirko taldearen Garaiko ipuinak ikuskizunarekin gotzatzeko aukera izango dute lau eta zazpi urte bitarteko haurrek (18:00etan). Hitzordua maiatzaren 24an izango da, eta izena emateko epea hilaren 8tik 22ra arte egongo da zabalik, liburutegian bertan.
*Sarrerak maiatzaren 1etikaurrera eskuratu ahal izango dira Arkupen eta www.aretxabaleta.eus-en.