Gabonetako kanpainarako 500 bono atera ditu Udalak herrian kontsumitzeko

2021/11/30
Abenduaren 1etik aurrera salgai egongo dira Arkupen, eta Aretxarte Elkarteko bazkide diren establezimenduetan gastatu ahal izango dira. Herritarrek 20 euro ordainduko dituzte, eta trukean, 30 euroko bonoa jasoko dute.

Gabonen atarian, Udalak bonoen kanpaina jarriko du martxan berriro herriko dendetan erosketak sustatzeko. Abenduaren 1etik aurrera, aurreko urteetako sistema bera duten 500 txartel jarriko dira salgai: erosleak 20 euro ordainduko ditu eta, trukean, hamar jasoko ditu doan. Beraz, 30 euro gastatu ahal izango dira Aretxarteko bazkide diren establezimenduetan.

Udalak 5.000 euro bideratuko ditu ekimen honetara. Bono guztiak salduz gero, 15.000 euroko inpaktu ekonomikoa eragingo dute tokiko ekonomian.

‘20+10 bonoak’ bihartik aurrera eskuragarri egongo dira Arkupen, eta erosleek abenduaren 31ra arte izango dute aukera horiek trukatzeko. 16 urtetik gorako atxabaltarrek erosi ahal izango dituzte (NANa aurkeztu beharko dute); pertsona bakoitzeko bat.