Gabonetako kanpaina 1.000 bonoekin indartuko da herrian kontsumoari bultzada emateko

2020/11/19

. Iaz baino 600 txartel gehiago jarriko dira salgai. Herritarrek 20 euro ordainduko dituzte eta, trukean, 30 euroko bonoa jasoko dute 

. Herriko establezimendu guztietan gastatu ahal izango dira, eta ez Aretxarteko bazkide direnetan bakarrik

Udalak Gabonetako bonoen kanpaina indartuko du aurten, herriko establezimenduetan kontsumoa sustatzeko. Mila txartel jarriko dira salgai, iaz baino 600 gehiago, eta sistema bera erabiliko da: erosleak 20 euro ordainduko ditu eta hamar jasoko ditu doan. Beraz, 30 euro gastatu ahal izango dira dendetan.

Horrela, Udalak merkatariei eta ostalariei lagundu nahi die, baita ile-apaindegiei, estetika zentroei eta herritarrei zerbitzuak ematen dizkieten beste negozio batzuei ere. Hala ere, kanpoan geratzen dira farmaziak, eta tabakoa eta loteria saltzen dituzten lokalak.10.000 euro bideratuko dira ekimen honetara jarduera ekonomikoa sustatu eta suspertzeko, eta, aldi berean, Covid-19aren krisiak eragindako ondorio ekonomikoak leuntzen laguntzeko. Bono guztiak salduz gero, 30.000 euroko inpaktu ekonomikoa eragingo dute herriko saltokietan.

Berrikuntza gisa, aurten ‘20+10’ bonoak herriko establezimendu guztietara zabalduko dira, eta ez Aretxarteko bazkide direnentzat bakarrik orain arte bezala. Azaroaren 30eko astean jarriko dituzte salgai Arkupen eta erosleek 2021eko urtarrilaren 5era arteko epea izango dute horiek trukatzeko. 16 urtetik gorako atxabaltarrek erosi ahal izango dituzte; pertsona bakoitzeko bat.

Gainera, aurtengo Gabonetako kanpainak azokari eutsiko dio, baina egun bakarrera mugatuta, abenduaren 19an. Lekuz aldatuko da eta postuek Durana eta Mitarte kaleak hartuko dituzte, segurtasun neurri guztiak betez.