Euskara indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko AROA plana garatzen ari da Aretxabaletako Udala

2025/01/23

Euskara indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko AROA plana garatzen ari da Aretxabaletako udala. Hiru lan saio antolatu dira Elhuyar-ekin elkarlanean. Abenduaren 3an egin zen lehen lan saioa eta diagnostikoa osatu eta datozen urteetarako erronka estrategikoak identifikatu ziren bertan.

17 parte-hartzaile izan ziren abenduaren 3an antolatu zen lan saioan. Saioari hasiera emateko, saioaren sarrera eta elkar-ezagutza prozesu bat egin zuten. Diseinu-batzordea kokatu zuten Elhuyar Aholkularitzako teknikariek, udal guztiei euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko ekintza-plana egitea dagokiela adieraziz, eta Aretxabaletan herritarren parte-hartzearekin heldu nahi zaiola azalduz.

Behin hori eginda, diagnostikoaren aurkezpena, ekarpenak eta aurrera begirako erronkak identifikatu zituzten. Saioari itxiera emateko, parte hartzaileei eskerrak eman, saioaren balorazio edo iritziak jaso eta hurrengo hitzordua noiz izango den azaldu zitzaien parte-hartzaileei.

Orain, bigarren saio bat egingo da, urtarrilaren 29an, Arkupe kultur etxean, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Aretxabaletako udalak dei egin nahi die herritarrei, saio hauetan parte hartzera, herritarren ekarpenak ezinbestekoak baitira lanketa horrekin. Lan saio honetan, orotara jaso diren ideiak, lan-ildoak, erronkak… berreskuratu eta horiei forma emango zaio, ekintzetara ekarrita.