Estilo eta proposamen ugarik osatzen dute abendurako Arkupeko kultur eskaintza
. Oreka TXeko txalapartariek 'Koklea' ikuskizuna aurkeztuko dute abenduaren 17an, eta 26an, Txalo Produkzioak konpainiak 'Losers' antzezlanaren emanaldi bikoitza eskainiko du
. Uxue Alberdi, Aitor Sarriegi, Oihana Bartra eta Iker Zubeldia bertsolariak igoko dira Zaraia aretoko oholtza gainera abenduaren 11an
Musika, antzerkia, bertsolariak eta pailazoak Arkupe kultur etxeko urteko azken hilabeteko egitarauko protagonista izango dira. Estilo eta proposamen ugari hamar bat ikuskizunen bidez, abenduaren 1etik 30era bitartean adin guztietako ikusleek goza dezaten.
Musikari dagokionez, Oreka TX taldeko txalapartariek Koklea lan berria aurkeztuko dute abenduaren 17an. Proiektu honek boskotearen azken urteetako ibilbide musikala errepasatzen du, bere estiloan sakonduz, eta instrumentu organiko eta naturalak hizkuntza garaikide batetik erabiliz.
Abenduaren 19an Aitor Olea Juaristi organo jotzaileak kontzertua eskainiko du parrokian, eta 29an, berriz ere Arkupen, gospelak protagonismoa hartuko du The Upper Room taldearekin.
Hilaren 11an, aldiz, abenduko klasikoa den bertso jaialdiak girotuko du Zaraia aretoa. Uxue Alberdi, Aitor Sarriegi, Oihana Bartra eta Iker Zubeldia bertsolariak izango dira taula gainean. Amaia Agirre arduratuko da gaiak jartzeaz.
Hala ere, abendua antzerki programazioarekin irekiko da. Datorren asteartean Ane Labaka bertsolariak eta Beatriz Egizabal antzezleak Erradikalak ginen lana eramango dute eszenatoki gainera. Hitzordu hau Euskaraldiaren barruan kokatzen da. Abenduaren 8an, Potx eta Lotx pailazo onatiarren Lehiatzera ikuskizunak ikusle guztien barre algarak eragingo ditu.
Haur zein gurasoei zuzenduta, Kantu Kolore taldearen Ametsen urtebetetzea antzerki musikalarekin gozatzeko aukera egongo da abenduaren 13an. Bestalde, kabaret formatuan, Andoni Mutiloa aktore eta gidoilariak Esnatu naiz lana aurkeztuko du abenduaren 20an. Lan honek antzerki, dantza eta musikaren bidez, identitatearen, giza harremanen eta sexualitatearen gaiak jorratzen ditu, baina, batez ere, pertsona bakoitzari bere identitatea onartzeko eta askatasunez bizitzeko gonbita egiten dio.
Txalo Produkzioak konpainiak ere izango du bere lekua abenduko egitarauan. Zehazki, 26an, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola protagonista dituen Losers (Galtzaileak) antzezlanaren saio bikoitza antolatu du udal Kultur sailak (16:30 eta 19:00etan).
Bukatzeko, Itzal Zubillaga Alberdiren Eskuen hitzak proiektua izango da ikusgai erakusketa gelan. Argazkiez osatutako erakusketa da Aretxabaletan bizi den 20 urteko gatzatar honek Arkupen jarriko duena. Itzalek Gazte Klik Klak lehiaketa irabazi zuen Unify lanarekin.
Udal Kultur sailak antolatutako ikuskizun guztietarako sarrerak abenduaren 1etik aurrera jarriko dituzte salgai Arkupen.
Egitaraua:
- Abenduaren 1ean: Erradikalak ginen. Ane Labaka (bertsolaria) eta Beatriz Egizabal (antzezlea). 19:00etan.
- Abenduaren 8an: Potx eta Lotx pailazoak. 17:00etan (hiru euro).
- Abenduaren 11an: Bertso jaialdia. 19:00etan (lau euro).
- Abenduaren 13an: Ametsen urtebetetzea ikuskizun musikala. Haur zein gurasoei zuzenduta. 17:00etan (hiru euro).
- Abenduaren 17an: Oreka TX. 19:00etan (lau euro).
- Abenduaren 19an: Aitor Olea Juaristi organo jotzailea. Parrokian, 20:00etan.
- Abenduaren 20an: Andoni Mutiloa-Elur Sorkuntza etxearen Esnatu naiz kabareta. 19:00etan (lau euro).
- Abenduaren 26an: Txalo Produkzioak taldearen Losers (Galtzaileak) antzezlana. 16:30 eta 19:00etan (lau euro).
- Abenduaren 29an: The Upper Room gospel taldearen Goiko gela ikuskizuna. 19:00etan (lau euro).
- Abenduaren 3tik 30era arte. Eskuen Hitzak erakusketa Itzal Zubillagaren eskutik. Astelehenetik ostirala arte 11:00etatik 13:00etara, eta 18:00etatik 20:00etara. Larunbatean, 11.00etatik 13:00etara.