Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako prozesuari buruz emandako epaiaren aurrean adierazpen instituzional bateratua

2019/10/18

1. Aretxabaletako Udalak ziurtatzen du demokraziaren adierazpen baketsua, indibiduala zein kolektiboa, gauzatzea eta herriari hitza ematea ez dela delitua. Hori horrela, urriak 1eko erreferenduma tresna demokratiko eta zilegia izan zela, eta Kataluniak bezala Euskal Herriak ere, berezkoa dutela etorkizuna erabakitzeko eskubidea. Herrien autodeterminazio eskubidea lantzeko konpromisoa bere egiten du, herrien asmo demokratikoaren adierazpena ahalbideratu eta erabakiak errespetatuak izan daitezen.

2. Aretxabaletako Udalak argi eta garbi adierazten du ezin direla justifikatu Auzitegi Gorenak eta Estatuko botereek Kataluniako agintari eta gizarte eragileei bizkarreratutako auzia eta ezarritako zigorrak.

3. Aretxabaletako Udalak nabarmentzen du Kataluniako Procesaren aurkako auziak eta epaiak Zuzenbide Estatuaren itxuragabetzea dakartela eta ezbaian jartzen dutela espainiar demokraziaren homologazioa nazioartean.

4. Aretxabaletako Udalak azpimarratzen du euskal herritarrei zuzenean eragiten digula Estatu espainiarraren erantzun bortitzak, izan ere herrien borondatea era demokratiko eta baketsuz erabakitzea mozten baitu eta arazo politikoari tribunalen indarrez, 155. Artikuluaren ezarpenez edo erabakitze eskubidearen alde egiten dutenei edonolako neurri bidegabeak ezarriz (espetxea, errepresioa,…) irtenbide elkarrizketatu eta negoziatua bilatu ordez eta herriari galdetu beharrean. 

5. Aretxabaletako Udalak Estatuko botereei eskatzen die, espetxean dauden preso politikoak berehala aske utz ditzatela eta era berean, erbesteratu politikoen aurkako auzibideak bertan beher utz ditzatela.

6. Aretxabaletako Udalak elkartasuna adierazten die Kataluniako preso eta erbesteratu politikoei nahiz haien etxekoei hala nola Kataluniako herriari eta erakundeei, eta gipuzkoarrei dei egiten diete bat egin dezaten herriari hitza ematearen aldeko ekimen baketsuekin, demokraziaren eta askatasunaren alde.