Esleitu da Aretxabaletako pasealekuaren obra

2018/07/20
Adjudikazioa 187.618,88 eurotan egin da eta Aretxabaletako Udalak 20.000 euroko laguntza jasoko du.

Aretxabaletako pasealekua Ibarra kiroldegiraino luzatzeko obra egiteko prozesua ireki zen orain dela pare bat hilabete. Tarte honetan irekita egon da proposamenak aurkezteko epea eta enpresa bakarra aurkeztu da. Beharrezkoak diren tramiteak gaindituta, Construcciones Legasko S.L. enpresak egingo du aipatutako obra.

Adjudikazioa 187.618,88 eurotan egin da eta Aretxabaletako udalak 20.000 euroko laguntza jaso du obra hau egiteko. Epeari dagokionez, lau hilabetetan bukatuta egon beharko da erdigunetik Ibarra kiroldegiraino egingo den pasealekua; guztira 62 metrotako luzera du tarte berriak.

Azbe lantegia

Horrez gain, datorren astean hasiko dira Azbe lantegi zenaren eraikina botatzen eta aste pare batean lan hauek bukatuta izatea espero da.

Azbe eraikinak bi gune ditu; bata bulegoak izandakoa, eta bestea, industriarako erabilitakoa. "Bulegoen gunea bota egingo dute, eta behin botata gero, helburua da herrirako sarrera txukuntzea behar bezalako biribilgune bat eginda", jakinarazi du Unai Elkoro alkateak.

Gainerako gunean, 1.600 metro koadro izango dituen denda egingo dute, eta baita biltegiak eta aparkalekuak.