Esku-hartze sozioedukatibo eta psikosozialaren zerbitzua eremu komunitariora zabaldu du Udalak

2020/03/12
Familiekin eta adingabeekin ez ezik, programak lehen aldiz helduei eskaintzen die laguntza; baita ere herritar guztiei zuzendutako aholkularitza eta orientazio psikologikorako zerbitzuak, eta prebentzio eta informazio programak . Zerbitzuak Iralabarri plazako 13. zenbakian du egoitza, eta astelehenetik ostiralera dago martxan.

Prebentzioan eragiteko eta eremu komunitarioan jarduteko helburuarekin, Udalak esku-hartze sozioedukatibo eta psikosoziala egiteko zerbitzua indartu du, haur eta nerabeei eta haien familiei orientazioa eta laguntza eskaintzen diena. Urtarriletik hona, Lorratz Elkarteko bi familia hezitzailek, terapeuta batek eta koordinatzaile tekniko batek osatzen dute programa zuzentzen duen taldea, udaleko gizarte zerbitzuen gainbegiratze eta koordinaziopean.

Karmele Uribarri Gizartegintzako batzordeburuak azaldu duenez, orain arte banakako arreta eskaintzen zen. "Kasu asko familia-gatazkei, aginte-gatazkei, muga faltei… buruzkoak ziren; egoera horiek saihets (minimizatu) zitezkeela ikusten genuen prebentzioa jorratuz gero", nabarmendu du. Zehaztu du, gainera, kasuen kopurua handituz joan dela azken urteotan. “Horregatik, aurrekontu-partida handitzea erabaki zen, zerbitzuari ikuspegi prebentiboagoa eta komunitarioagoa emateko, herritar guztiei dagokielako antzemandako arazoei aurre egitea”, adierazi du Uribarrik.

Gizartegintzako Udal Batzordeko presidenteak gaur aurkeztu du programa, Bego Arenaza eta Mirari Aiastui gizarte langileek eta Demelsa Gomez zerbitzuaren koordinatzaileak lagunduta. "Osasun zentroarekin, ikastetxeekin, kale hezitzaileekin, gaztelekuarekin, ludotekarekin… sarean lan egitea da kontua, udalerrian dauden zerbitzu guztien artean indarrak batu eta sinergiak sortzeko", dio Uribarrik.

Hala, 2020ko aurrekontuek handitu egin dute esku-hartze sozioedukatibo eta psikosoziala egiteko zerbitzura bideratutako partida. Berritasun gisa, gizarte bazterketa arriskuan dauden helduentzako laguntza jarri da martxan. Printzipioz, Udalak Lorratz Elkartearekin sinatu duen kontratua bi urterako da.

ASTELEHENETIK OSTIRALERA

Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Kartera arautzen duen dekretuak zehazten du udalek izango dutela esku-hartze sozioedukatibo eta psikosozialeko zerbitzua emateko eskumena. Herritarrei zuzendutako baliabideen artean sartu behar duen programa hori hobetzeko beharra ikusi du Udalak, "zerbitzu integrala" ezarriz.

“Banakako, familiako, taldeko eta komunitateko sozioedukatibo eta psikosozialeko laguntzako harreman-prestazioen multzoa da, eta familiaren etxean nahiz komunitate-ingurunean garatu daitezke", zehaztu dute Bego Arenazak eta Mirari Aiastuik.

Helburua da erabiltzaileek gaitasun pertsonalak, familiakoak eta taldekoak eskuratzea eta garatzea, modu autonomoan moldatzeko, gizarteratzeko eta familian eta komunitatean bizikidetza egokia izateko. "Ohitura, jokabide, pertzepzio, sentimendu eta jarrera desegokien ordez, egokiak diren beste batzuk jartzea da asmoa", azpimaratu dute gizarte langileek.

Zerbitzua eta hura osatzen duten programak udaleko gizarte zerbitzuen bidez eskuratzen dira. Arlo honetako profesionalek eskola eta osasun sistemekin koordinatuta lan egiten dute. Beraz, eskariak eta jakinarazpenak bi eremutatik irits daitezke, baita adingabeekin lotutako beste arlo batzuetatik ere, hala nola, kaleko hezitzaileetatik, gaztelekuetatik …

Zerbitzuak Iralabarri plazako 13. zenbakian du bulegoa, eta astelehenetik ostegunera martxan dago, 09:30etik 12:30era, eta 16:00etatik 20:00etara. Ostiraletan, arratsaldez. Demelsa Gomez koordinatzaileak, Ainara Alberdi terapeutak, eta Maitane Gabiria eta Ekaitz Bezunartea familia hezitzaleek osatzen dute profesionalen taldea.

ZERTAN DATZAN ZERBITZUA

Esku-hartze sozioedukatibo eta psikosozialeko zerbitzua babesgabetasun arrisku arina edo moderatua duten adingabeei eta familiei, gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsona helduei eta tokiko eragileei zuzenduta dago, hau da, komunitateko zerbitzu eta baliabide normalizatuei.

Zeintzuk dira helburuak?

1. Familia elkarbizitza hobetzea.

2. Kideen zaintza eta arreta gaitasunak hobetzea.

3. Komunikazio eta harremanetarako gaitasunak hobetzea.

4. Eskubide eta zerbitzuen informazioa eskuratzea erraztu eta bultzatu.

5. Garapen autonomoa erraztea edo ahalbidetzea.

6. Gizarteratzea erraztea.

Urte hasieratik hona, Lorratzeko profesionalek hainbat kasuri laguntza emateaz gain (zortzi eta bi azterketa fasean), Aretxabaletako komunitateko eragile eta zerbitzuekin bilerak egin dituzte -eta egingo dituzte-: ikastetxeekin, osasun zentroarekin, haurren aisialdian lan egiten duten agenteekin, kiroldegiarekin..., gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartze bat detektatzeko, prebenitzeko eta egiteko orientazioa behar izan dezaketenak. "Elkarlana sustatu nahi dugu, eta sarean funtzionatu. Zerbitzu honek guztiak integratuko dituen udalerria lortzeko beharrezko tresnak eskainiko ditu”, adierazi du Demelsa Gomezek.

Lan eremuak:

  1. Sentsibilizazio eta prebentzio goiztiarreko zerbitzua.
  2. Informazio, aholkularitza eta orientazio zerbitzua, adin txikiko edo nerabeak dituzten familiei zuzenduta.
  3. Gizarte eta heziketa esku-harte zerbitzua eta esku-hartze psikosoziala arrisku egoeran dauden adin txikiko eta familiekin.
  4. Gizarte eta heziketa esku-hartze zerbitzua gizarte bazterketa egoera arriskuan dauden pertsona heldu eta familiekin.
  5. Komunitate prebentzio zerbitzua: familia, guraso, adin txikiko eta abarrekin, arlo defizitarioak edo sintomak lantzeko taldeko programak edo jarduerak egitea babesgabetasun eta bazterketa esparruan.
  6.  Egoerak zehazteko balorazio zerbitzua.