Emakumeen kirola ikusarazteko jarduerak

2021/11/25
Berdintasun eta Kirol sailek, UDArekin batera, antolatu duten ‘Emakumea eta kirola’ egitarauaren baitan, Hijas De Cynisca dokumentala emango dute abenduaren 9an. Abenduaren 16an mahai-ingurua izango da Ainhize Barrainkua, Oihana Azkorbebeitia, Malen Ruiz de Azua eta Garbiñe Etxebarriaren partaidetzarekin.

Emakumea eta kirola izenburupean bi topaketa antolatu dira emakumeek kirol arloan duten presentziari balioa emateko. Gaur egungo egoera, gizonezkoen kirolarekiko arrakala, eta arlo horretan pertsonalki eta profesionalki garatu nahi duten emakumeek aurkitzen dituzten oztopoak ere aztertuko dira.

Berdintasun eta Kirol sailek, UDArekin batera, abenduaren 9 eta 16rako dokumental bat eta mahai-ingurua eskainiko dituzte. Hala, hilaren 9an, Arkupeko Zaraia aretoan Hijas De Cynisca filma proiektatuko da. Beatriz Carreterok zuzendutako film-dokumentala da, eta kirolean ematen den genero desberdintasunaren inguruan hitz egiten du. Bertan, erreferenteak diren eta euren ibilbidean lorpen handiak lortu dituzten emakumeei ahotsa ematen zaie. Hitzordua 19:00etan izango da.

Abenduaren 16an, Emakumea eta kirola oztopoez haratago mahai-ingurua egingo da Arkupen. Bertan, Ainhize Barrainkua txirrindularia, Oihana Azkorbebeitia mendi lasterkaria, Malen Ruiz de Azua pertika jauzilaria, eta Garbiñe Etxebarria Realeko kirol zuzendaria izango dira. Moderatzaile lanetan Ane Urkiri kazetaria arituko da (19:00etan).