Emakumeak, martxoko kultur egitarauaren protagonistak

2021/02/26

. Boliviako bost emakume indigenen istorioa kontatzen duen ‘Cholitas’ dokumentala proiektatuko da Arkupen martxoaren 12, 19 eta 26an

. Kamikaz Kolektiboa eta Ttak Teatroa taldeen ‘Matriuska’, eta Detritus Teatrus konpainiaren ‘Ovarios verde fritos’ antzezlanak izango dira ikusgai

Emakumeak izango dira protagonista martxoan zehar Arkupe girotuko duen kultur egitarauan. Besteak beste, mendiak eskalatzen dituzten Boliviako bost emakume indigenen istorioa kontatzen duen Cholitas dokumentala proiektutako da, 12an, 19an eta 26an. Emakume horiek Aconcaguara egindako espedizioa islatzen duen lan saritu hau askapenaren eta ahalduntzearen ikur bihurtu da. 

Martxoaren 8a, Emakumearen Nazioarteko Eguna, izango da datorren hileko egitarauaren ardatz nagusia. Horrela, udaleko Kultura eta Berdintasun sailek elkarlanean antolatuta, martxoaren 6an Kamikaz Kolektiboak eta Ttak Teatroak Matriuska antzezlana aurkeztuko dute Zaraia aretoko taula gainean. Ikuskizun honek historiaren parte diren aurreko emakume guztien gorputzak, izenak eta existentziak berreskuratzeko beharraz hitz egiten du.

Martxoaren 28an, berriz, Detritus Teatrus taldeak Ovarios verdes fritos ikuskizuna taularatuko du. Belen Nevadok idatzi, zuzendu eta antzeztutako ikuskizun probokatzaile, apurtzaile eta dibertigarria da. Mastur Batetu Candida doktoreak, identitate galerak eta gernu isurietan aditua, bere “Txumino power revolution” programaren ildo nagusiak aurkeztuko ditu, erakustaldi praktikoekin, bere ikerketetan baieztatutako ebidentzia batetik abiatuta: buru-sabai kementsu bat berreraiki daiteke pelbisaren zoru indartsu bat oinarri izanda.

Horrez gain, Aretxabaletan bizi den Mª Antonia Ugarte arrasatearrak olio, pastel eta akuarelaz egindako margolanak erakutsiko ditu martxoaren 5etik 31era bitartean.

Haurrentzako ekitaldiak eta musika

Martxoaren 8aren inguruan antolatutako hitzorduez gain, martxoaren 10ean Enaitz pirata ipuinen munduan saioaz gozatzeko aukera izango dute etxeko txikienek. Lau egun geroago, 14an, Glu Glu konpainiak Erbia eta dortoka antzezlana eskainiko du.

Musikak ere bere tartea izango du martxoaren 21ean. Egun horretan, Paul San Martinek bidaia musikal bat proposatuko du pianoen historian zehar: blues, boogie woogie eta jazz doinuak entzunez, Atlantikoaren bi aldeen ikuspegitik.

Bestalde, Mendian hil, hirian hil dokumentalak otsailean izan duen arrakasta ikusita, beste bi saio programatu dira martxoaren 5 eta 7rako.

Egitaraua: 

  1. Martxoaren 5etik 31era bitartean: Mª Antonia Ugarte Garaik egindako margolanen erakusketa.
  2. Martxoaren 5 eta 7an: Mendian hil, hirian hil dokumentala. 19:00etan (hiru euro).
  3. Martxoaren 6an: Kamikaz Kolektiboak eta Ttak Teatroak Matriuska ikuskizuna aurkeztuko dute. 19:00etan (lau euro).
  4. Martxoaren 10ean: Enaitz pirata ipuinen munduan ipuin kontaketa, Onintze Goitizekin. Liburutegian, 18:30ean. Izenak liburutegian eman beharko dira. Lau eta zazpi urte bitarteko haurrei zuzenduta.
  5. Martxoaren 12, 19 eta 26an: Cholitas dokumentala. 19:00etan (hiru euro).
  6. Martxoaren 14an: Glu Glu konpainiaren Erbia eta dortoka haurrentzako ikuskizuna. 17:00etan (hiru euro).
  7. Martxoaren 16tik 18ra: Huhezimenaren XIV. Euskal film laburren jaialdia.
  8. Martxoaren 21ean: Paul San Martinen kontzertua. 19:00etan (lau euro).
  9. Martxoaren 28an: Detritus Teatro taldearen Ovarios verdes fritos antzezlana. 19:00etan (lau euro).