Osoko bilkurak hasiera eman dio Plan Orokorra egiteko prozesuari

2020/03/13
HAPOren garapenean zehar herritarren parte-hartzearen oinarriak ezartzen dituen programari oniritzia eman zaio

 

Udalbatzak aho batez onartu du Aretxabaletako Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) herritarrek parte hartzeko programa. Plan hori udalerriko lurzoruaren eta ekipamenduen hirigintza-erabilerak zehazten dituen tresna da.

Herritarren partaidetzarako programa asteazkenean egindako Osoko Bilkuran onartu zen, Plan Orokorra egiteko prozesuari hasiera emanez. Programa horren helburua da herritarrek Aretxabaletako Hiri Antolamendurako Plan Orokorra ezagutzeaz gain, bertan parte hartu ahal izatea.

Hainbat fasetan gauzatuko da, eta tresna batzuk erabiliko dira atxabaltarrei ahotsa emateko:

1. Komunikazio plana.

2. Aurrez aurrekoak ez diren tresnak: udal webgunean banner bat sortzea planteatzen da. Udalaren App-a erabiliko da ahalik eta komunikazio eta parte-hartze zuzenena izateko, eta parte hartzeko beste bide telematiko batzuk aztertuko dira.

3. Aurrez aurreko tresnak: udalerriaren etorkizunerako garrantzitsutzat jotzen diren gai zehatzak sakontzeko eta garatzeko tailerrak; prestakuntzaz gain, banakako eta taldeko elkarrizketak. Atal honetan sartzen dira sektoreko lan-mahaiak, adituen mahaia eta herritarren kontsulta (bide horretara jotzea aurreikusten da, behar besteko garrantzia duten gaiek hala eskatzen badute).

4. Tresna diskrezionalak: azken xedea herritar guztien parte-hartzea bermatzea da, eta hori lortzeko, beste formula batzuk erabiliko dira, atxabaltar guztien iritzia jasoko dutenak (adibidez, inkesta soziologikoa).

Ion Albizu Udal Plangintza Batzordeko zinegotziak azaldu duenez, maiatzean prozesu parte-hartzailea lizitaziora aterako dute eta urritik aurrera jarriko da martxan. Lehenengo bi urteak erabakigarriak izango dira, izan ere, Albizuk azpimarratu duenez, "orduan hartuko dira Plan Orokorreko erabaki nagusienak". "Prozesu luzea da, baina legealdiaren amaierarako HAPO ahalik eta aurreratuen egotea da asmoa", gaineratu du Albizuk.

Hirigintza Plangintzako Aholku Batzordeak eginkizun garrantzitsua izango du. Organo horrek hainbat kolektibo eta elkarteetako hogeita hamar ordezkari baino gehiago bilduko ditu, eta lehen bilera apirilaren amaieran izango da.