Udalak zero zorrarekin itxiko du legealdia

2023/04/03
2022ko ekitaldi ekonomikoaren likidazioak 6,2 milioi euroko diruzaintza gerakina dakar, eta horietatik 2,3 milioi 2023ko kontuetan sartuko dira, konprometitutako proiektuak finantzatzeko. 2015ean 5,7 milioi euroko zorra izanik, Udalaren kontuak 2023ra saneatuta iritsi dira. Zortzi urtean 13,3 milioi euro bideratu dira inbertsioetara.

Udalak 6.271.930 euroko diruzaintza gerakinarekin itxi du 2022ko aurrekontua. Horri esker, 2,3 milioi euro inguru sartu ahal izango dira 2023ko kontuetan, aurreko ekitaldi ekonomikoan konprometitutako proiektuak finantzatzeko, hala nola, komentuko pertsona nagusientzako zentro sozialeko obrak eta Santakurtz berrurbanizatzea.

Gainerako lau milioi euroak, Unai Elkoro alkateak azaldu duenez, aurtengo aurrekontuetan jasotzen den defizitari aurre egiteko erabiliko dira. “2023ko aurrekontu-proiektuaren aurkezpenean azpimarratu genuenez, gastuak eta diru-sarrerak koadratzeko 4,5 milioi euroko defizita aurreikusi zen, eta adierazi genuen defizit hori ez genuela maileguen bidez finantzatuko, gerakinaren kontura baizik, gehienean behintzat. Baina, era berean, iragarri genuen 2022ko aurrekontu-ekitaldiaren likidazioaren zain egon beharko genuela zenbateko hori zehatz-mehatz jakiteko”, zehaztu du Elkorok. Egoera horren aurrean, alkateak aipatu du ez dela beharrezkoa izango finantzaketa gehigarrira jotzea, hau da, ez dela mailegu berririk eskatuko aurreikusitako inbertsioak gauzatzeko, eta, beraz, legealdia kontu saneatuekin amaituko dela.

2022ko aurrekontuaren likidazioak 6,2 milioi euro baino gehiagoko soberakina utzi du, “neurri handi batean, azken urteetako inbertsio-ahaleginaren ardatz izan diren proiektuek jasan duten atzerapenagatik, behin baino gehiagotan esan dugun bezala”, Elkorok gaineratu duenez. Era berean, gogorarazi du pandemiaren ondorioz “lehentasunak ezarri behar izan zirela une bakoitzean sortu ziren beharrei aurre egiteko, eta, neurri batean, proiektu batzuk martxan jartzeko genituen aurreikuspenei eragin zieten”.

Santakurtz kaleko saneamendu eta hornidura obren kasua da; bertan azken ukituak egiten ari dira 2022ko urtarrilean hasitako hirigintza-jarduketa amaitutzat emateko. Eta baita pertsona nagusientzako zentro sozialarena ere. Urte honen amaierarako, dena ustekaberik gabe badoa, komentu zaharraren beheko solairua egokituko da, eta bertan kokatuko dira Basotxo erretiratuen etxearen egoitza, eguneko arreta zerbitzua, eta erabilera anitzeko gela, azken hau kaperan.

Zorra amortizatuta

Beraz, alkateak azpimarratu du 2015ean bere agintaldia hasi eta zortzi urtera Udalaren diru kontuak onbideratuta daudela. “Udalak 5,7 milioi euroko zorra zuen, kiroldegia eraikitzearen ondorioz. Zortzi urte hauetan amortizatzeaz gain, ekitaldi ekonomiko bakoitzean kiroldegiko kredituarekin 840.000 euro inguru konprometituta egon arren, 13,3 milioi euro bideratu dira inbertsioetara, 2023ko kontuetan jasotakoak barne”, zehaztu du Elkorok.

Inbertsiorik garrantzitsuenen artean, alkateak aipatu ditu Santakurtzeko Hornidura eta Saneamenduko Plan Berezia (2,5 milioi euro), komentuko obrak (2,5 milioi euro) eta horren erosketa (660.000 euro). Honako hauek ere gogoratu ditu: ibaia inguratzen duen pasealekuaren tartea kiroldegiraino egokitzea, skate park-a, zazpiko futbol zelaia, Ibarrako zelaiko belarra ordeztea eta argiztapena berritzea, bidegorriaren zati berria Santakurtz kalean, eta Herriko plazako arrapala. Bestalde, komentua eta Txarapeako igogailua integratzeko esku-hartzea 1,5 milioi euroko aurrekontuarekin jasotzen da aurtengo ekitaldiko kontuetan.

Hori dela eta, Elkorok berriro nabarmendu du inbertsioei aurre egiteko gaitasuna mugatua izan arren, “garrantzi handiko esku-hartzeak” gauzatu direla, eta Udalak bere zorra hutsean utzi duela, “kudeaketa zuhur eta arduratsuari esker”. “Egoera horrek erraztu egingo du, testuinguru ekonomiko orokorrak aukera ematen duen neurrian, etorkizuneko inbertsio eta proiektuei lasaitasun handiagoz ekitea”, dio alkataeak.