EKKO programa komunitateari zabalduko zaio, aurrenerabeko arrisku-jokabideen prebentzioaren inguruan sentsibilizatzeko

2022/11/18
‘Ilusioa/inklusioa’ izenez ezagutarazi den ekimenaren bidez, azaroaren 30etik aurrera Aretxabaletan eta Eskoriatzan lau mahai-inguru eta kirol jarduera bat izango dira. Alde batetik, proiektua ikastetxeetan garatzen ari da Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleekin eta haien gurasoekin. Eta, bestetik, “gure seme-alaben osasun osasun fisiko, psikiko eta sozialak guztion helburu izan behar dela” kontzientziatu nahi da komunitatean.

Eskola, kirola, komunitatea eta osasuna eskutik doaz EKKO proiektuan. Egitasmo honek trebetasun sozialak lantzen ditu 10 eta 12 urte bitarteko haurrekin (Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak), eta, aldi berean, herritarrak sentsibilizatu eta kontzientziatu nahi ditu “gure seme-alaben osasun fisiko, psikiko eta sozialak guztion helburua izan behar dela”. Programa orain komunitateari zabalduko zaio, azarotik abendura bitartean Aretxabaletan eta Eskoriatzan egingo diren lau mahai-ingururekin eta kirol jarduera batekin.

Bi herrietako alkate diren Unai Elkorok eta Joserra Zubizarretak, Ainhoa Cabero Aretxabaletako Gazteria zinegotziak, Maider Etxaniz Gazteria teknikariak, Agurtzane Elkoro UDAko presidenteak, eta Emilio Martin San Juan de Dios ospitaleko psikologoak azaroaren 30ean abian jarriko den programaren xehetasunak eman dituzte.

Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkateak azaldu duenez, proiektu honek sustantzien kontsumoaren prebentzioan arreta jarriz hasi zuen bere ibilbidea, baina gaur egun beste arrisku batzuk antzeman dira nerabezaroan, hala nola, antsietatea, depresioa, elikaduraren nahasmenduak eta ludopatiak, beste beste.

Egoera horren aurrean, arreta jarri nahi izan da gizarte trebetasunen garapenean (autoestimua, gatazken konponketa, komunikazioa, erabakiak hartzea, pertsonen arteko harremanak…) prebentzio tresna gisa. “Uste dugu gakoa direla nerabezarora iristerakoan arriskuak kudeatzeko baliabideak izan ditzaten”, gaineratu du Zubizarretak.

Horrela, ikastetxeetan gauzatzen den programarekin batera, komunitatea inplikatu nahi da, “zeharka, gurasoengan, gazteengan eta beste eragile batzuengan eragina izan dezan”, adierazi du Unai Elkoro Aretxabaletako alkateak.

Egitaraua

Horrela, EKKO programaren barruan, lau mahai-inguru egingo dira azaroaren 30ean, abenduaren 14an, 15ean eta 20an, kirol jarduera batekin batera; azken hau abenduaren 16an eta 17an.

1. Azaroak 30. Mahai-ingurua: Zein da gure seme-alaben osasun egoera? Guraso eta ikastetxeetako ordezkariek parte hartuko dute. Haurren inguruko diagnostiko bat egingo da, bizi dituzten egoerak eta dituzten kezkak partekatzeko, eta hezitzaile gisa duten eginkizuna balioesteko. Ekitaldia Eskoriatzako Huhezi fakultatean izango da, 18:00etan hasita (euskaraz).

2. Abenduak 14. Osasun mentala gazteen artean. Saio honetan haur eta gazteen sektorean ohikoenak diren arreta-eskariei, ikusten diren gabeziei, eta haiekin eta haien familiekin egiten den esku-hartze motari buruzko informazioa emango da. Onna Psikologiak, Jeiki Fundazioak eta Huhezik parte hartuko dute. Aretxabaletako Komunikazio fakultatean izango da mahai-inguru hau, 18:00etan (gazteleraz).

3.  Abenduak 15. Industria eremuan aurreikusten den etorkizuneko lanbide eskaria. Enpresa munduko eta Mondragon Unibertsitateko ordezkarien parte-hartzearekin. Eskoriatzako Huhezi fakultatean izango da, 18:00etan (euskaraz).

4.  Abenduak 20. Kirolak hezkuntza eta balio transmisio eragile gisa duen garrantzia. Gurasoei eta haurrei zuzendutako mahaia da. Helburua ohitura osasuntsuak izatea, konpromisoa, erantzukizuna, elkarlana eta zerbaiten parte dela sentitzea balioan jartzea da. Partaideak: Real Sociedad Fundazioa, Athletic Club Fundazioa, Eibar Fundazioa, UDA eta Araski Gasteiz.

Aretxabaletako Komunikazio fakultatean elkartuko dira, 18:00etan (euskaraz).

5. Kirol ekintza abenduaren 16an eta 17an. LH5. eta LH6. ikasleei eta euren gurasoei zuzenduta dagoen ekimena da. Abenduaren 16an Eskoriatzan izango da hitzordua, eta bertan, mugikorren erabilera, apustuak, sare sozialak, pornografiaren kontsumoa eta beste hainbat gai jorratuko dira. 18:00etan hitzaldi bat izango da Zaldibar antzokian (gazteleraz), eta 19:00etan saio praktiko bat kultur etxean.

Abenduaren 17an, Aretxabaletako kiroldegian kirol probak antolatuko dira (petanka, desafio probak…). Jarduera goizez egingo da.

HITZALDIETARAKO IZEN-EMATEA 

EKINTZETARAKO IZEN-EMATEA

Ikastetxeetan eta komunitatean

EKKO programak bi eremu jorratzen ditu. Alde batetik, haurren eta nerabeen trebetasun sozialak lantzen dira. Kurtzebarri Eskola, Almen-Arizmendi ikastola eta Luis Ezeiza ikastetxeetan, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleek ikasturtean zehar 20 saiotan parte hartuko dute, autoestimuari, erabakiak hartzeari, komunikazioari edo gatazken konponbideari buruz hausnartzeko. Programa hau gurasoei zuzendutako beste bost saiorekin osatuko da.

EKKOk, aldi berean, komunitatean eragin nahi du hainbat ekimenen bidez, eta testuinguru honetan kokatzen dira antolatu diren ekintzak.
Aretxabaleta eta Eskoriatzako udalak, UDA, San Juan de Dios ospitalea eta ikastetxeak eragile aktiboak dira proiektu honetan. Mondragon Unibertsitateak ikasleekin lan egiten duten dinamizatzaileak prestatu ditu. Programak Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantziazioa du.