Covid-19ari aurre egiteko merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan higiene edota babes neurri bereziak ezartzeko eginiko inbertsioetarako diru-laguntzak

2021/04/15
Bigarren deialdi bat jarri da martxan, 2020ko martxoaren 14tik 2021eko maiatzaren 15era bitartean egindako materialaren erosketak edo inbertsioak finantzatzeko. Egindako gastuen %60raino estali ahal izango da, gehienez ere 300 euro negozio bakoitzeko.

Koronabirusaren aurkako prebentzio eta higiene neurriak betetzeko egokitu diren denda, taberna edo jatetxeek egindako inbertsioaren %60rainoko laguntza jaso ahal izango dute, gehienez ere 300 euro enpresa bakoitzeko. Diru-laguntzen lerro hau Gipuzkoako Foru Aldundiak ordainduko du, baina Udalari dagokio banaketa kudeatzea.

Foru Aldundiak Udalari emandako 25.689 euroetatik 19.666 euro banatu gabe geratu dira (lehen deialdian aurkeztutako eskaerak ordaindu ondoren geratu zen dirua).

Honako inbertsio hauek lagunduko dira diruz: espazioak eta lan egiteko moduen egokitzapenak; segurtasun eta osasun irizpideak betetzeko ekipamenduetan egindako moldaketak; bezeroarekiko eta enpresa hornitzaileekiko harreman berrietara lan egiteko moduak egokitzeko inbertsioak (manparak, gel-banatzaileak…), eta higiene eta babes neurri bereziekin lotutako beste jarduera batzuk.

Aitzitik, ez dute laguntza ekonomiko hau jasoko: maskarak, eskularruak, gelak, mantalak edo antzekoak erostearekin zerikusia duten gastuak, eta baita establezimenduak berak salgai jartzeko diren higiene edo babes produktuei dagozkionak.

Eskaerak aurkeztea

Deialdi honetan parte hartzeko epea datorren maiatzaren 15era arte egongo da zabalik. Eskaera telematikoki egin beharko da, udalaren web orriaren bidez (www.aretxabaleta.eus), egoitza elektronikoan sartuta (tramiteak, herritarren ataria eta eskaera orokorra).

Programa honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak izango dira kontzeptu beragatik diruz laguntzeko erakunde publiko edo pribatuetatik jasoko diren bestelako laguntzekin, betiere horrek gain finantzaketarik eragiten ez badu. Kasu honetan, deialdi honen bidez emandako laguntza murriztu egingo da, soberakinari dagokion kopuruan.

DIRU-LAGUNTZEN OINARRIAK

LAGUNTZAK JASO DITZAZKETEN NEGOZIOEN ZERRENDA