Bi agente berri sartu dira Udaltzaingoan

2020/12/03

. Plantilla indartuko dute pandemiak ekarri duen lan karga handiagoari aurre egiteko 

. Udaltzaingoak sei agente izango ditu hemendik aurrera; bi emakume eta lau gizon

 

Bi agente berri sartu dira aste honetan Udaltzaingoan, udalerriko segurtasuna indartu eta osasun krisiari aurre egiteko helburuarekin. Bi udaltzain berri hauekin, guztira sei agente egongo dira hemendik aurrera Aretxabaletako kaleak patruilatzen.

 

Unai Elkoro alkateak adierazi duenez, Udaltzaingoa “oso lan garrantzitsua egiten ari da pandemiaren garaian”. “Bere zeregina funtsezkoa da Covid-19aren hedapena geldiarazteko erazarritako neurriak betetzen direla bermatzeko, herriko segurtasunerako eta elkarbizitzarako garrantzi berezia duten beste gai batzuk alde batera utzi gabe”, nabarmendu du Elkorok.

Bi agente berriak, Enara Ortiz zallatarra eta Dei Gonzalez galdakaotarra, asteartean hasi ziren lanean. “Plantilla oso mugatua zegoen, besteak beste, pandemiak ekarri dituen behar berriak kontuan hartuta. Hori dela eta, egoera hau luzatzen den bitartean ezinbestekotzat jo dugu udaltzain gehiago izatea. Gerta daitezkeen bajak hobeto betetzea ere ahalbidetuko digu”, gaineratu du alkateak. Elkorok Udaltzaingoak “herritarrengandik gertu” egiten duen lana ere azpimarratu du.

Agente berri hauei esker Udantzaingoaren zerbitzua asteburuetara zabaldu ahal izango da “beharrezkoa den kasuetan”. Une honetan, Udaltzaingoak astelehenetik ostiralera bi txandatan lan egiten du: 8:00etatik 15:00etara, eta 15:00etatik 22:00etara: larunbatetan, aldiz, 13:00ak arte.

Bi udaltzain hauekin, martxoan sartu zenarekin batera, sei dira – bi emakume eta lau gizon- gaur egun herriko kaleak patruilatzen dituzten agenteak. 2021ean Udaltzain-buruaren lanpostua betetzeko prozesua abian jarriko da.

Esku-hartzeak %40 igo dira

Pandemia hasi zenetik Udaltzaingoaren esku-hartzeak %40 handitu dira. Ohiko zereginei osasun segurtasuneko arau berrien ondoriozko esku-hartzeak gehitu zaizkie; gehienak maskara ez eramateagatik eta konfinamendu perimetrala ez betetzeagatik.