Bedarretako San Migel auzoan oinezkoen joan-etorriak errazteko eta hobetzeko lanak abian dira
Bedarretako San Migel auzoko irisgarritasuna hobetzeko lanak abian dira. Auzoko hainbat puntutan dauden oztopo arkitektonikoak kentzea da helburua, oinezkoen joan-etorriak errazteko eta erosoagoak egiteko, batez ere mugikortasun murriztua duten pertsonentzat.
Hirigintza-jarduketa hori Excavaciones Arrasate enpresari esleitu zaio, 53.974 eurotan eta sei asteko epea du gauzatzeko. Lau kaletan esku hartuko da, zehazki, espaloietako hamasei puntutan, galtzadako sestrara jaitsiz oinezkoen pasabideetan irisgarritasuna hobetzeko. Gainera, ibilbide irisgarriagoa lortzeko, botoidun baldosak ere jarriko dira ikusmen urritasuna duten pertsonei errepide gurutzeak identifikatzen laguntzeko. Lanak zebrabideak margotzeko aprobetxatuko dira.
Bestalde, oinezkoentzako pasabide altxatua egokituko da Lausitta biribilgunearen ondoan, kale hori Txarapea ibilbidearekin lotzeko.
Xabier Otxoa Hirigintza zinegotziak horrelako esku-hartzeak azpimarratu ditu, "txikiak diruditen arren, gure herria oinezkoentzat atseginagoa eta erosoagoa izatea ahalbidetzen dutelako". Egiten ari diren lanak 2021eko aurrekontuen kontura ordainduko dira.