Azaroak 25eko adierazpen instituzionala: “Emakumeenganako* indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna”

2022/11/25

Istanbulgo hitzarmenak (emakumeen aurkako indarkeria eta etxeko indarkeria aurreikusi eta aurre egiteko Europako Kontseiluko Hitzarmenak) honakoa esaten du hitzez hitz: "emakumearen aurkako indarkeriagatik" ulertu beharko dela giza eskubideen urraketa bat eta emakumeen aurkako diskriminazio modu bat, eta generoan oinarritutako indarkeria-ekintza guztiak izendatuko direla, emakumeentzat kalte edo sufrimendu fisiko, sexual, psikologiko edo ekonomikoak dakartzatenak edo eragin ditzaketenak, ekintza horiek egiteko mehatxuak barne, hertsapena edo askatasuna arbitrarioki kentzea bizitza publikoan edo pribatuan.

Aretxabaletako Udalak emakumeen aurkako indarkeria, eraso eta jarrera sexista guztiak gaitzesten ditu eta konpromiso irmoa adierazten du horrelako indarkeriarik gabeko jendarte baterantz lanean jarraitzeko, politika publikoen eta administrazioen betebeharra baita emakumeenganako indarkeriaren aurkako mekanismoak eta estrategiak abian jartzea. Gaitz hau pairatzen duten edo pairatu izan duten emakume guztiekiko elkartasuna adierazi nahi du Udalak, eta indarkeriarik gabe bizitzeko daukaten eskubidea aldarrikatu. Eta gogorarazten digu gutariko bakoitzari dagokigula egoera hau aldatzea, eguneroko zereginetatik hasiz, gure inguru  hurbilean eraginez.

Ezin da ahaztu aurten Euskal Herrian 3 izan direla eraildako emakumeak, eta 2003tik aurrera kontatuz gero (emakumeenganako indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, alegia), 115 izan direla. Hau arazo kolektibo bat da eta horren aurrean zerbait egitea denon ardura da; horregatik, udaletik antolatutako ekimenetara hurbiltzera eta Aretxabaletako Mugimendu feministak deitutako elkarretaratzean parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, mundu parekideago baten bila aurrera pausoak emanez. 

Hainbat ekimenez osatutako egitaraua prestatu du Udalak, ERDU talde feministarekin elkarlanean. Hilabete guztian zehar, liburutegian interesgune bat egongo da emakumeen aurkako indarkeriari buruzko liburuekin. Azaroaren 7an migratzaileen erregularizazioaren inguruko solasaldia eskainiko du ERDU talde feministak. Azaroaren 20an “Me quiere, no me hiere” antzezlana taularatuko da Zaraia Aretoan, eta azaroaren 23an, berriz, “Coreografias de la transgresión” dokumentala Arkupen. Bukatzeko, azaroaren 24an, “Zarata” erakusketa egongo da ikusgai Arkupen.

Bestalde, aurten ere Udalak bat egiten du Emakumeen aurkako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko Aretxabaletako Mugimendu feministak egindako deialdiarekin. Elkarretaratzea azaroaren 25ean izango da Herriko plazan, arratsaldeko 18:00etan, eta horrekin batera, migratzaileen erregularizazioaren aldeko sinadura bilketa egingo da.

Azkenik, aipatu beharra dago indarkeriaren biktimei laguntzeko baliabide ezberdinak daudela, eta horien artean, besteak beste, SATEVI (indarkeriaren biktima diren emakumeentzako telefono bidezko arreta zerbitzua - 900 840 111) eta ZEUK ESAN (haur eta nerabeentzako online eta telefono bidezko aholkularitza eta informazio zerbitzua - 116 111).