Aurtengo bigarren erosketa-bonu kanpainari esker beste 43.750 eurotik gora gastatuko dira herriko komertzioetan
Aretxabaletako Udalak Aretxarteko establezimenduetan gastatzeko kontsumoa sustatuko duen ondorengo bi bonu kanpaina diruz lagunduko ditu aurten: udakoa eta udazkenekoa. Horretarako, Udalak, guztira 35.000€ bideratuko ditu Aretxartekin daukan hitzarmenaren bidez. Bi kanpainetarako guztira 1.750 bonu pack (5€-koak bi, 10€-koak bi eta 20€-ko bakarra) ateratzea aurreikusten da. Deialdi bakoitzean 17.500 euro erabiliko dira 875 erosketa-txartel aktibatzeko.
Erosketa-txartelak (bonuak) azaroaren 25etik aurrera jarriko dira salgai Arkupen, eta 875 bonu pack kaleratuko dira, bakoitza 50 euroko balioarekin; horietatik, erosleak 30 euro ordainduko ditu, eta 50 euroko balioa duen bonua eskuratu. Abenduaren 31 arte trukatu ahal izango dira Aretxarte elkarteari atxikitutako establezimenduetan; epe hori igarotakoan, bonuak baliorik gabe geratuko dira.
Kanpaina honetan, Aretxarte elkartearen 48 establezimendu inguruk parte hartuko dute: elikadura, arropa edo oinetakoen dendak; zerbitzuak (ile-apaindegia, estetika zentroa, fisioterapia…) eta tabernak.
Datorren astelehenetik aurrera Arkupen egingo den bonuen salmentaz -9:30etatik 15:00etara- Aretxarte arduratuko da. Pertsona bakoitzeko txartel bat erosi ahal izango da NANa erakutsiz, eta 16 urtetik gorako aretxabaletarra izateko baldintza bete beharko da; abenduaren 2tik aurrera herritarrek bigarren bonua eskuratzeko aukera ere izango dute bonu denak saldu barik jarraitzen badute.
50 euroak honela banatuko dira: kolore gorriko 5 euroko bi bonu, urdin koloreko 10 euroko beste bi, eta berde koloreko 20 euroko bat. Bost eurokoak tabernetan, Arkupe goxoki dendan, Bolintxon, Danonan, Ogiberrin, edo Urkulu lokutorioan gastatu beharko dira. Bonuen iraungitze data abenduaren 31 izango da.
Erosketaren zenbatekoa bonuaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, diferentzia ez da eskudirutan itzuliko. Erosketa tiketaren zenbatekoa bonuaren balio berekoa edota handiagoa izan beharko da. Hortaz, bonu bakoitza erosketa edota kontsumizio bakoitzean osorik agortu beharko da.
Salmenta ordutegia:
- Astelehenean 9:30 - 15:00
- Asteartean 15:00 - 19:00
- Asteazkenean 9:30 - 15:00