Aurtengo aratusteen oharra
Aurtengo aratuste domeka koloretsua eta bizitasunez betea izan da. Beti bezala, herritarren parte-hartzea eta inplikazioa ederra izan da. Beste behin, karroza eta ideia originalak ikusi dira herriko kaleetan. Honek egiten gaitu handi. Eskerrik asko Atxabalta!
Hala ere, jaiekin zerikusirik ez duten gertaerak izan dira. Beste behin ere, edukiontziak erre dituzte eta udal gobernuaren ustez, jarrera hauek onartezinak eta arbuiagarriak dira. Azken hilabetean, 3 izan dira erre diren edukiontzi multzoak: arrisku egoera sortzeaz gain, 10.000€-ko kostua du edukiontzi gune bakoitzak bere hasierako egoerara bueltatzeak.
Bestalde, koadrila ezberdinek, mozorroen osagarri bezala jartzen dituzten egituren inguruan hau argitu nahi du udal gobernuak: Badira, urtez-urte, baimena eskatzen dutenak eta adostutako ordu eta espazioak errespetu osoz betetzen dituztenak. Badaude beste batzuk ordea, ez dutenak baimenik ere eskatu, besteak beste, aurten jarritako egituretako bat egoera horretan dago. Baimenik eskatu gabe, ordu txikiak arte musika bolumen oso altuan izan dute eta goizean ere, egiturak bertan jarraitzen zuen. Ondorioz, bizilagunen kexa mezuak jaso ditu udalak.
Jaien aurretik kaleratutako ohar laburrean aipatu bezala, elkarbizitzaren alde egin behar dugu eta norbere gozamenak ezin du, inondik inora, beste pertsonarik kaltetu. Ezin dira horrelako jarrerak onartu eta udal gobernuak adierazi nahi du, egoeraren inguruan lanean ari dela eta behar diren neurriak hartuko dituela, herritarrekiko errespetu falta eta ardura kolektibo ezaren adibide argi hauen aurka.
Jarrai dezagun herria eraikitzen, elkarrekin eta errespetutik denontzako Atxabalta bizigarria lortze aldera.