Atxabaltan, kaleak denONAK
Mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetu, bata bestearekin uztartuz. Aretxabaletako Udalak badu indarrean Irisgarritasun Plan bat (2018), baina alderdi askotan ez da egokitzen egungo errealitatera, ez eta Udalak dituen baliabie mugatuetara ere. Mugikortasun Plana ere 2008an egin zen baina ez zen onartu. Gainera, plan horiek ez daude elkarrekin koordinatuta. Gabezia horiek ikusita, “Atxabaltan, kaleak denONAK” proiektuan kaleak hobetzeko jarduketak zehaztuko dira, esparru bateko zein besteko ikuspegiak batera aplikatuz.
Epe labur eta ertainera. Proiektu honen bitartez, datozen 8 urteetan egiteko moduko jarduketak zehaztu nahi dira. Zehaztasun honek Udalaren baliabideak neurtzea eskatzen du, eta egitasmoa horietara egokitzea: egin beharko litzatekeena bistatik galdu gabe, egin ditzakegunak jarduketa egingarri eta errealistak zehaztea da asmoa. Horretarako, arazo garrantzitsuenak eta esku-hartze eraginkorrenak lehenetsi beharko dira, jarduketen kostuak eta onurak ondo aztertuz.
Mugikortasun-moduen lehenespena. Mugikortasun-eredua aldatu nahi bada, ez da nahikoa herritarrei ohiturak aldatu dezatela eskatzea. Informazioa ematea edo kanpainak egitea urrats bat izan daiteke, baina benetako eraldaketa egin nahi bada, espazio publikoa ere eraldatu beharra dago. Azken urteetan herrian egin diren hainbat lanetan bezalaxe, egingo diren obrek islatuko dute proiektu honetan ezarriko den mugikortasun-moduen lehenespena: modu aktiboak lehen mailan, garraio publikoa bigarrenean eta bestelako motordun ibilgailuak hirugarrenean.
Hiru ardatz nagusi: segurtasuna, irisgarritasuna eta osasuna. Herri seguruagoa, inklusiboagoa eta osasungarriagoa helburu hartuta, hiru ardatz nagusi hartuko dira kontuan proiektuaren idazketan eta esku-hartzeen diseinuetan:
- Segurtasuna, istripuen aurreko babesa bermatuko duten inguruneak ezarriz. Ardatz honi dagokionez, bereziki hartuko dira kontuan zaurgarrienen beharrizanak: oinezkoak eta bizikleta erabiltzaileak batetik, haurrak eta adinekoak bestetik.
- Irisgarritasuna. Irisgarritasun fisikoaz gain (mugikortasun urriko pertsonak), irisgarritasun sentsoriala (ikusmena, entzumena) eta kognitiboa ere kontuan hartuko dira. Honen arabera, kaleetan ibiltzea eta orientatzea erraztu nahi da, desgaitasunen bat duten pertsonen baldintzei erreparatuz, bai eta hauen laguntzaile edo zaintzaileenei ere. Hitz batean, zaurgarrienen beharrizanak erdigunean jarri, guztion mesedetan izango dela jakinik.
- Osasuna. Batetik, istripuak zein kutsadura murriztuz, izan aire-partikulena, izan zaratarena. Horretarako, motordun ibilgailuetan egiten diren joan-etorrien kopurua gutxitu nahi da (beharrezkoak ez direnak batez ere), ibilgailu pribatuen abiadura baretu eta garraio publikoa bultzatu. Eta bestetik, joan-etorri aktiboak sustatu nahi dira: oinez, patinetez edo bizikletaz joatea seguruagoa eta atseginagoa bilakatuz. Hitz batean, osasungarriak diren jarrerak eta ohiturak erraztu nahi dira, aldi berean osasungarriak ez direnak zailago jarriz.
Aniztasuna, autonomia, eguneroko bizimodua eta zaintzak, erdigunean. Proiektu honetatik eratorriko diren lanak zehazteko, eta aurreko ardatzen osagarri, hainbat irizpide sozial ezarri dira, proiektuak zehazten eta erabakiak hartzen lagunduko dutelakoan. Esaterako, aniztasuna erdigunean jartzen denean, mendekotasunari edo pobreziari ematen zaio garrantzia; autonomia erdigunean jartzen denean, desgaitasunen bat duten pertsonen, haurren, nerabeen edo adinekoen beharrizanak nabarmentzen dira; eta eguneroko bizimodua edo zaintzak erdigunean jartzen direnean, eskola bideei edo erosketei lotutako joan-etorriei eskaintzen zaie arreta berezia.
Partaidetza-prozesua. Proiektu honen garrantzia ikusita, Udalak herritarren parte-hartzea nahi du txertatu prozesuan: ez ditugu hirigintzan edo mugikortasunean “adituak” behar, Aretxabaletan bizitzen “arituak” baizik. Beraz, herriko edozein auzotan bizi edota bertako kaleetan orduak ematen dituen bizilagun orori zuzenduta dago partaidetza prozesu hau, adina, jatorria eta bizi-baldintzak edozein direla ere.
- Apirilak 1ean, Arkupe Kultur Etxean: hastapeneko talde-elkarrizketak. Prozesua abiatzeko, hainbat herritar-talderi elkarrizketa banatan parte hartzeko gonbidapena luzatuko diogu. Elkarrizketa horietan, talde bakoitzarekin bere ezaugarri eta beharrizanetatik abiatuz, Aretxabaletako kaleen inguruan jardun nahi genuke.
- 11:00 Adinekoak / Pertsona nagusiak.
- 14:30 Merkatariak.
- 17:00 Gurasoak.
- 19:30 Gainontzeko talde edo norbanakoak.
- Apirilak 8an, Arkupe Kultur Etxean, 18:30etan: diagnostikoa egiteko eta proposamenak egiteko lanketa-saioa. Diagnostikoa egiteko eta proposamenak jasotzeko lanketa-saio irekia egingo da, herritar orori zuzendua.
- Maiatza eta ekaina artean. Proiektuaren zirriborroari ekarpenak egiteko bigarren lanketa-saio ireki bat egiteko asmoa dago. Honekin batera, galdetegi digital bat zabalduko da, zirriborroa aurkezteko eta hari ekarpenak egiteko aukera emango duena.
Animatu “Atxabaltan, kaleak denONAK” proiektuan parte hartzera: zenbat eta parte-hartze zabalagoa eta anitzagoa, orduan eta aberatsagoa izango baita proiektua. Bukatzeko, deialdia zuen inguruan zabaltzeko laguntza ere eskatzen dizuegu. Mila esker!