AtxabaltaMugik jarduera fisikoa sustatuko du nerabeen artean

2021/05/10
Kurtzebarri eskolako eta Arizmendi ikastolako Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako ikasleei zuzenduta dago. Kiroldegian gauzatuko da, hilabetez, gaurtik aurrera. Adineko pertsonen gaitasun funtzionalaren neurketa eta lanketa egiteko martxan jarri den programak Osakidetzaren interesa piztu du.

Aretxabaletako nerabeen artean kirola sustatzea helburu hartuta, Kurtzebarri eskolako eta Arizmendi ikastolako Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako ikasleei zuzendutako programa jarri da abian gaur Ibarra kiroldegian. Ekimena AtxabaltaMugi proiektuaren barruan dago eta 16 urteko 133 gaztek parte hartuko dute.

Koldo Zubillaga Kirol zinegotziak, Asier Mujika Kirol teknikariak, eta AtxabaltaMugiko arduradun den Maialen Alkortak programa aurkeztu dute gaur.

Lau astez ikasle hauek Ibarrako kiroldegian elkartuko dira Gorputz Hezkuntza irakasgaiari dagokion orduetan. “Kiroldegiaren eskaintza ezagutzea eta bizimodu aktibo eta osasuntsua izatearen garrantzia azpimarratzea da helburua”, azaldu du Alkortak. Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako ikasleen aukeraketa ez da kasualitatearen ondorioa, adin tarte horretan baitago “kirola uzten duten gazteen tasa handiena”, nabarmendu du Alkortak.

Horrela, 16 urteko nerabe hauek Ibarran eskaintzen diren hiru kirol jarduera probatu ahal izango dituzte: GAP, cycling eta circuit training. Lau asteak bukatu ondoren, nerabeen ordutegietara egokitutako ikastaro hauen eskaintza egiteko aukera aztertuko dute kiroldegian. “Horrela, unitate didaktiko hau amaitutakoan, eskola ordutegitik kanpo kirola egiten jarraitu ahal izango dute, proiektuaren helburua nerabezaroan jarduera fisikoa sustatzea baita”, berretsi du Alkortak.

Hiru hilabete igaro eta gero, jarraipena egingo zaie parte-hartzaileei proiektu honek beraien jarduera fisikorako ohituretan izan duen eragina aztertzeko.

Sei urteko ibilbidea

AtxabaltaMugi 2016an abiatu zen, gizarte aktiboagoa sortzeko, sedentarismoa geldiarazteko, jarduera fisikoa areagotzeko eta ohitura osasungarriak sustatzeko helburuarekin. Athlon kooperatiba arduratzen da egitasmo hau kudeatzeaz.

Bost esparrutan lan egiten du AtxabaltaMugik: kirol orientazio zerbitzua; yoga eta KOI (koordinazioa-oreka-indarra) taldekako saioak; ibilaldi osasungarriak; elikadura tailerrak, eta nerabeei zuzendutako programa.

Denbora honetan, kirol orientazio zerbitzuan 1.200 hitzordu inguru eman dira. “Erabiltzaile gehienek 70 urte baino gehiago dituzte. Ondoren, 56 eta 65 urte artekoak daude, eta hirugarrenik, 46 eta 55 urtekoak. Nahiz eta askoz gutxiago izan diren, kontsultak ere erantzun zaizkie16 eta 35 urte bitarteko gazteei”, zehaztu du Asier Mujika kirol teknikariak. Erabiltzaileen %73 emakumeak dira, eta gainerako %27a, gizonezkoak.

AtxabaltaMugiren ibilbidean ere nabarmendu daiteke kirol orientazio zerbitzura jo duten pertsonen %50 “aktiboak ez izatetik aktiboak izatera” igaro direla. “Gainerako %50ak ariketa fisikoa egiten zuen; beraz, esan dezakegu ohiturak aldatu direla eta balorazioa ona dela”, gaineratu du Maialen Alkorta programaren arduradunak.

Adinekoen gaitasun funtzionala latzen

Joan den otsailaz geroztik programa berri bat dago martxan adinekoen gaitasun funtzionala neurtzeko eta lantzeko. 70 urtetik gorako hamar atxabaltarrek osatutako talde batekin ari dira lanean. Hasteko, jarduera fisikoaren mailaren, erorketa arriskuaren, elikadura ohituren eta lesio muskulu-eskeletikoen lehen neurketa egin zitzaien. Hortik aurrera, 30 minutuko iraupena duen saio praktiko pertsonalizatuak burutu dira: indar, oreka, martxa, malgutasun ariketak... Ekainean, programa amaitutzat ematen denean, bigarren neurketa bat egingo dute aurrerapena ikusteko.

Adineko pertsonen gaitasun funtzionala lantzeko esperientzia horrek Osakidetzaren interesa piztu du. Izan ere, duela gutxi kiroldegira hurbildu dira Osasun Saileko ordezkariak programa bertatik bertara ezagutzeko. “Osakidetzan ekimenaren berri izan dute eta guregana jo dute. Oso interesgarria iruditu zaie, adinekoen gaitasun funtzionalari heltzeko egiten duten lanarekin bat datorrelako. Uztailean berriro elkartzeko geratu gara; elkarlanerako bide bat ireki dugu denok eskutik helduta joateko”, adierazi du Alkortak.

Kirol orientazio zerbitzuaren bulegoa Ibarra kiroldegian dago kokatuta. Astean bi hitzordu daude: astelehenetan 9:00etatik 13:00etara, eta asteazkenetan 14:30etik 18:30era. Harremanetan jartzeko beste bi bide daude: 662 623 830  edo atxabaltamugi@gmail.com.