AtxabaltaMugik elikadura osasungarria sustatzeko hitzaldi sorta antolatu du

2021/10/14
Lehenengo ekintza urriaren 20an izango da, eta bertan Garazi Abasolo dietistak menu orekatu bat prestatzen irakatsiko du. Elikagaien etiketak ulertzen ere irakatsiko da, Behobian parte hartzeko aholkuak emango dira eta gosari osasungarria egiteko tailer bat antolatuko dute.

AtxabaltaMugi ekimenak elikaduraren inguruko hitzaldi sorta bat antolatu du. Bertan, menu osasungarri bat egitea, elikagaien etiketak interpretatzeko jarraibideak eta Behobian parte hartzeko aholkuak landuko dira. Garazi Abasolo dietista atxabaltarraren eskutik, lau saio izango dira urriaren 20an eta 27an, eta azaroaren 3an eta 10ean, alderdi teorikoa eta praktikoa uztartuta. Ibarra kiroldegian izango dira, 18:00etatik aurrera.

Horrela, lehenengo hitzaldian, urriaren 20an, Garazi Abasolok nola osatu plater osasuntsuaren gaineko azalpenak emango ditu. Besteak beste, elikagaien sailkapena, erosketa nola egin, asteko menu orekatua eta osasungarrien adibideak jorratuko ditu dietista atxabaltarrak euskaraz emango duen hitzaldi honetan.

Urriaren 27an, berriz, etiketa nutrizionalak irakurtzen irakatsiko du Abasolok, gure eguneroko dieta osatuko duten osagaiak hobeto aukeratzeko. Kasu honetan, saioa (gaztelaniaz) kirol orientazioko zerbitzuaren erabiltzaileei zuzenduta dago.

Azaroaren 3an Behobia lasterketarako nutrizio on baterako aholku erabilgarri batzuk emango ditu Abasolok. Hitzaldia (euskaraz) lasterketaren datu teknikoekin hasiko da. Honi jarraituz, probaren aurretik, bitartean eta ondoren zer jan erakutsiko die bertaratutakoei, baita nola hidratatu eta zer saihestu behar den ere.

Azkenik, azaroaren 10ean gosari osasungarria tailerra egingo da. Lehen Hezkuntzako haurrei eta haien gurasoei zuzenduta dagoen saio praktiko honetan, eguna energiarekin hasteko eta nutrizio-beharrak asetzeko hainbat aukera prestatu eta dastatuko dituzte.

Hitzaldi hauetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da Ibarra kiroldegiko harreran edo 943 03 98 42 telefonora deituz.

Kirol orientazio zerbitzua

Horrela, pandemiarekin eten ziren elikadura osasungarriari buruzko tailerrak berreskuratuko ditu AtxabaltaMugik. Udal kirol zerbitzuek bultzatutako eta Athlon kooperatibak kudeatutako programa 2016an jarri zen abian, gizarte aktiboagoa sortzeko, sedentarismoa geldiarazteko, jarduera fisikoa areagotzeko eta ohitura osasungarriak sustatzeko helburuarekin.

AtxabaltaMugik kirol orientazio zerbitzua ere eskaintzen du kiroldegian. Astean bi hitzordu daude: astelehenetan 9:00etatik 13:00etara, eta asteazkenetan 14:30etik 18:30era. Harremanetan jartzeko beste bi bide daude: 662 623 830 edo atxabaltamugi@gmail.com.