AtxabaltaMugik 60 urtetik gorakoei zuzendutako garuneko gimnasia tailerra eskainiko du

2023/02/28
Saioak martxoaren 8, 10, 15 eta 17an izango dira kiroldegian, eta izena emateko epea, doan eta plaza mugatuekin, martxoaren 6ra arte egongo da zabalik. Garuna estimulatzeko bereziki diseinatutako gorputz mugimendu eta ariketa mentalez osatutako jarduera da.

AtxabaltaMugik 60 urtetik gorakoei zuzendutako garuneko gimnasia tailerra antolatuko du martxoaren 8, 10 eta 17an Ibarra kiroldegian. Saioak 11:15etik 12:45era izango dira, eta izena emateko epea martxoaren 6ra arte egongo da zabalik, 943 03 98 42 telefonora deituz edo atxabaltamugi@gmail.com helbidera mezu bat bidaliz. Izen-ematea doakoa da eta plaza mugatuak dira.

Zer da garuneko gimnasia?

Urteak bete ahala, garuna, gainerako organoak bezala, zahartuz eta arintasuna galduz doa, eta horregatik, oso garrantzitsua da modu onean mantentzea gainbehera natural hori konpentsatzeko. Gorputza lantzeko gimnasia egiten dugun bezala, burmuina lantzeko ere gimnasia egin behar dugu.

Garuneko gimnasia garuna estimulatzeko bereziki diseinatutako gorputz-mugimendu eta ariketa mentalez osatutako jarduera da. Garuneko gimnasiarako ariketen helburua garuna osatzen duten bi hemisferioen arteko koordinazioa eta oreka entrenatzea da, eta garun-gaitasunak hobetzea. Horri esker, neuronen arteko konexio berriak sor daitezke.

Nola lantzen da?

Hainbat ariketa mota konbinatzen dira:

  1. Koordinazio motorreko ariketa fisikoak.
  2.  Gorputz-perkusioko eta lateralitateko ariketak.
  3. Entrenamendu eta erronka mentaleko ariketak.

Onurak

Jardute honekin honako onura hauek eskuratzen dira:

  1. Jarduerak egiteko kontzentrazioa erraztea.
  2. Informazioa mantentzeko gaitasuna hobetzea.
  3. Sormen-gaitasuna eta arazoak konpontzeko trebetasuna hobetzea eta indartzea.
  4. Sare neuronalen funtzionamendua handitzea eta indartzea.
  5. Mugimendu-trebetasunak lantzea.
  6. Aldartea eta umore ona hobetzea.
  7.  Garunaren zahartzea atzeratzea.

Zazpi urteko ibilbidea

Udal Kirol zerbitzuek bultzatuta eta Athlon kooperatibak kudeatuta, AtxabaltaMugi 2016an jarri zen martxan, gizarte aktiboagoa sortzeko, sedentarismoa geldiarazteko, eta jarduera fisikoa eta ohitura osasungarriak sustatzeko.