Astelehenetik aurrera ibilgailuek ezin izango dute Santakurtzeko tuneletik Otalorarantz joan

2023/01/13
Basabeko biribilgunetik tunelaren parerainoko zatian aparkatu ahal izango da. Obrak amaitu arte, errepideak bi noranzko izango ditu, ibilgailuen sarrera eta irteera ahalbidetzeko. Arkupe kultur etxearen atzeko aldean dagoen aparkalekura Otalora kaletik sartuko da.

Santakurtz kaleko lanak datozen asteetan sartuko dira azken txanpan. Obrak aurrera doaz Exprex tabernaren aurrean dagoen eremuan eta Kurtzebarri eskolaren inguruan, eta, ondorioz, datorren astelehenetik aurrera eragin berriak izango dituzte ibilgailuen zirkulazioan.

Horrela, Arkupeko eraikinaren ondoko tunela, joan den azarotik Santakurtz kaletik Otalora kalera doan trafikoa bideratzen duena, itxi egingo da. Aldaketa horrekin, Basabeko biribilgunetik datozen autoek Santakurtz zati hori bakarrik zeharkatu ahal izango dute aparkatzeko eta garajeetara sartzeko. Obrak egiten diren bitartean, bideak norabide bikoitza izango du, autoen sarrera eta irteera ahalbidetzeko.

Bestalde, Arkupe kultur etxearen atzeko aldean dagoen aparkalekurako sarbidea Otalora kaletik egingo da. Aldaketa horiek Santakurtz kalearen berrurbanizazioa amaitu arte martxan egongo dira.

Santakurtzeko Hornidura eta Saneamenduko Plan Bereziaren (PEAS) obrak iazko urtarrilean hasi ziren. Esku-hartze eremuak Kurtzebarri eskolako eraikinaren amaieratik herriko sarreran dagoen biribilgune berriraino hartzen du, baita Santakurtz ondoko kaleak ere. Udalak Sasoi Eraikuntzak enpresari esleitu zizkion lanak, 2.042.500 euroan.

Hornidura eta saneamendu sareak ordezkatzea eta kalea berriz urbanizatzea dira proiektuaren oinarria.