Arkupeko klimatizazio sistema eta eguzki plakak jartzeko diru laguntza lortu du Udalak

2024/04/12

Arkupe kultur etxeko berokuntza- eta hozte-sistema ordezkatzeko proiektua bide onetik doa. Udal aurrekontuak behin betiko onartu ondoren, eta dokumentazio guztia prest dagoela, datorren astean jarriko da abian Arkupeko galdarak eta hozteko makina aldatzeko lizitazioa hirigintza batzordean.

Gogoratu nahi dugu azken urteotan sistemak hainbat matxura izan dituela eta kultur etxean beharrezkoa den erosotasuna bermatu ezin den egoera batera iritsi dela. Egoera horren aurrean, egungo gobernu-taldeak, 2024ko aurrekontuetan erreforma hori egiteko behar ziren funtsak hornitu zituen. Horretarako, 245.000€ eta 69.000€ aurreikusi dira, hurrenez hurren, klimatizaziorako eta eguzki-plaketarako.

Berokuntza-sistemaren aldaketa horrek kontsumoan aurrezpen nabarmena ekarriko du, eta planteatutako eguzki-plaken sistemarekin konbinatuz gero, eraikinaren energia-eraginkortasuna nabarmen hobetuko da. Teilatuan eguzki plaken 60kw-ko potentzia instalatuko da.

Beroa/hotza sortzeko sistema aldatzeaz gain, beroa/hotza banatzeko sisteman aldaketak egingo dira, eraginkortasuna hobetzeko eta erabiltzaileentzako erosotasun termikoa nabarmen hobetzeko.

Udal teknikarien gestioei esker, dirulaguntza handia lortu da klimatizazio/berokuntza sistema eta eguzki plakak instalatzeko. Horrela, EEEk (Energiaren Euskal Erakundeak), bi ebazpenetan, 169.353 euroko dirulaguntza eman dio Aretxabaletako Udalari aerotermia-sistema instalatzeko, eta 45.540 eurokoa eguzki-plaketarako.

Horrekin, Udalak aurreikusi du inbertsioaren %65 baino gehiago laguntza horrekin estaliko dela, eta 200.000€ horiek aurrekontutik askatu ahal izango direla, herriarentzat beharrezkoak diren beste inbertsio batzuk egin ahal izateko.

Berri ona da, beraz, Arkuperako aerotermia-sistemaren lizitazioa eta horretarako jasotako laguntzak abian jarri izana.