Aretxabaletako Udalak herritarren parte-hartzearekin gauzatu nahi du AROA Plana
Euskara indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko marko estrategikoa da AROA. Eusko Jaurlaritzak landu du eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien esku jarri du. Bi gauza egin behar dute udalerriek: batetik, euskarak udalerrian egun duen egoeraren azterketa sakona egin; eta, bestetik, datozen urteetarako plan estrategikoa diseinatu.
Testuinguru horretan, Aretxabaletako Udalak AROA plana diseinatzeko prozesua martxan jarri berri du. Udalerriko testuinguru eleaniztunean, euskal hiztun aktiboak eta ahaldunduak dituen komunitatea indartzea da plan horren xedea, gizarte ekitatibo eta justua eraikitzeko. Prozesu honetan, herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da, eta horregatik, hainbat ekimen abian jarri dira.
Lehenik eta behin, diagnostikoa egiteko datuak jasoko dira; eta, hiru bide nagusi baliatuko dira horretarako
- Han eta hemen jasota dagoen informazioa aztertu: txostenak, planak, ikerketak…
- Elkarrizketak herritar eta eragileei; hainbat irizpide baliatu ditugu herritarrak hautatzeko: adina, generoa, jaioterria, euskara-gaitasuna…
- Galdetegi bat zabaldu, ahalik eta herritar gehienen iritziak jasotzeko; emailez eta whatsappez zabalduko da eta paperean ere izango dira ale batzuk. Gaztelaniaz ere bete ahal izango da, euskara ez dakitenen iritzia ere aintzat hartu nahi delako. 16 urtetik gorakoek bete ahal izango dute. Eta, galdetegia azaroaren 11tik 20ra bete ahal izango da.
Garrantzi berezia emango zaio galdetegia erantzuteari, eta ahalik eta gehien zabaltzea eskertuko da.
Gainera, planaren diagnostikoa kontrastatzeko eta aurrera begirako diseinua egiteko herritarren parte-hartzea lortu gura da; horretarako, abenduaren 3an egingo den hausnarketa-batzordean parte hartzera animatu nahi dira herritarrak. Batzorde horretan, denon artean planaren bide-orri egokia atondu gura da. Hiru saio izango dira guztira, aurten, lehena, eta gainerako biak datorren urtean. 2 orduko saioak izango dira.
Egitasmo honen bidez, udalaren kezka adierazi nahi da, urtez urte gaztelaniaren erabilera indartzen ari delako atxabaltarren artean. Soziolinguistika Klusterrak 2021ean egindako azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, hamar herritarretik lauk soilik egiten dute euskaraz kalean; duela hamar urtetik hona 9 puntu jaitsi da erabilera. Adin tarteari erreparatzen bazaio, 14 urte artekoak dira euskara gehien erabiltzen dutenak, baina azken hamar urteotan, 14 puntu egin du behera gaztetxoenen kaleko erabilerak.
Datu kezkagarriak dira, eta horregatik, hain zuzen ere, zentzu handiagoa hartzen du AROA gisako ekimena abiatzea Aretxabaletan. Herritar guztien iritziak eta parte-hartzea funtsezkoak dira AROA plana arrakastatsua izan dadin. Anima zaitez eta parte hartu!