Aretxabaletako Udalak auzoetako konponketak lehenetsi nahi ditu
Udalak auzoetako baldintzak hobetzeko hartutako konpromisoari eutsiz, hainbat lan egin eta egiteko asmoa du hurrengo urte, aste eta hilabeteetan.
Auzo alkateekin egin den lanketaren ondorioz, proposamenetatik abiatuta, egin diren lanez gain, beste hainbat lan egingo dira aurten auzoetan. Orain arte, auzoetako bide bazterrak garbitu dira; Oro, Larriño, Goronaeta, Aozaratza, Boliñaga, Arkarazo, Apotza Etxebarri, Galartza eta Isurieta auzoetakoak batik bat, guztira 10 kilometro, eta udalak konpromisoa hartu nahi du auzoetako arekak, ahal den heinean, garbi mantentzeko.
Horrez gain, beste hainbat asfaltatze lan egin nahi dira aurten auzoetan. Alde batetik, Agarre eta Etxezuriko bideak asfaltatze beharra daukatela ikusi da eta horri ekin nahi zaio. Koruetan ere, errekabitarteko bidea ere konponduko da. Eta auzoetako pista zein oinezkoentzako bideak ere konponduko dira urte honetan, dauden zuloak konpondu eta beste hainbatetan pistak homigoituko dira.
Asfaltatze lanak aparte, hainbat lan txiki ere egingo dira auzoetan, Galartzako dorrea inguratzen duen horma konpondu eta Larrinoko frontoia eta txintxaunak ere konponduko dira, adibidez.
Bestalde, sute bat gertatuz gero, suhiltzaileak heldu bitartean sutea minimizatzeko ur toma gehiago jarri nahi dira auzoetan, suteei aurre egiteko. Horretarako, udala suhiltzaileekin lanean ari da honen zabalkundean eta bere mantenimenduan laguntzeko.
Ur tomaren gaian bereziki indarra jarri nahi du udalak, oso garrantzitsua baita baserritarren eskutik baliabide horiek egotea sute mota batzuk gelditzeko modu bakarra baita lehenengo eta presazko esku hartze hori. Horrekin batera formazioa eskainiko da.
Azkenengoz, argiteria publikoa zabaltzeko ere lehen pausoak emango dira auzoetan. Auzotarren aspaldiko eskaera da eta proiektu bat enkargatuko da horretarako, beti ere, auzo alkateekin adostuta. Honen helburua landa eremuko auzoetan segurtasuna bermatzen duen argiteria egotea da. Horretarako aukera ezberdinak aztertuko dira; eguzki energiarekin funtzionatzen duten farolak, farola konbentzionalak…
Argiteria edukitzea eskatzen duten isolatuta dauden baserrietako sarreran ere argia egon ahal izateko aukera ezberdinak aztertuko dira eta irtenbide ezberdinak proposatzea aurre ikusten da.
Guzti honekin batera, auzoetako konponketak bermatzeko auzo alkateekin funtzionatzeko modu bat ere adostu da, haien eskaerei irtenbidea ematen dela bermatzeko eta haien (eta berez auzotarren) erabakimena handitzeko helburuarekin.